Ekonomia -

Caja Madrideko 'B' txartelak

PPk Rodrigo Ratori eta beste 12 alderdikideri espedientea zabaldu die

Hala ere, Alderdi Popularrak ez du kautelazko neurririk hartu, alderditik aldi baterako kanporatzea esaterako. Espedientea aurrera eramateko epeak ezin izango ditu bi hilabeteak gainditu.

Rodrigo Rato Bankiako presidente ohia. Artxiboko argazkia: EiTB
Rodrigo Rato Bankiako presidente ohia. Artxiboko argazkia: EiTB
Rodrigo Rato Bankiako presidente ohia. Artxiboko argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiari eta beste 12 alderdikideri formalki espedientea zabaldu die gaur PPk. Guztiak Caja Madrideko txartel ilunen ustezko iruzurrean inplikatuta daude. Hala ere, Alderdi Popularrak ez du kautelazko neurririk hartu, PPko iturriek jakitera eman dutenez.

Alfonso Fernandez Mañueco barne ikerketa zuzentzeko instruktorea aukeratu du PPko Eskubide eta Bermeen Batzordeak. Bestalde, gertatutakoaren bertsioa emateko aukera emango die Francisco Molinero Albaceteko diputatuak 13 alderdikideei.

Molinero Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordearen idazkaria da. Horrela, “alderdikide guztiak berehala galdekatuko ditu” Molinerok, PPk agiri batean azaldu duenez.

Espedientea aurrera eramateko epeak ezin izango ditu bi hilabeteak gainditu, PPko estatutuen arabera.

Kautelazko neurririk gabe

PPko Eskubide eta Bermeen Batzordearen aurreneko bilera izan da gaurkoa. Espedientea berretsi du Batzordeak, baina ez du ustezko inplikatuen aurkako kautelazko neurririk hartu, alderditik aldi baterako kanporatzea esaterako.

Erabaki bat hartu baino lehen 13 alderdikideen bertsioa entzutea beharrezkoa dela azaldu dute PPko iturriek. Bien bitartean, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak Rato inputatu gisa deklaratzera deitu du ostegun honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea