Ekonomia -
Lan-gatazka
Bizkaibuseko 14 autobusen gurpilak zulatu dituzte Abanton
Ekintza horiekin bat egiten ez dutela agertu dute sindikatuek eta Aldundiari "ke-laino" moduan erabiltzea egotzi dio.
Bizkaibuseko 14 autobus gurpilak zulatuta edota hustuta agertu dira goizaldean enpresak Abanton duen garajean, Ertzaintzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman dutenez. 05:20 inguruan jaso du abisua Ertzaintzak. Gurpilez gain, zenbait autobusek bateria manipulatuta zuten, Aldundiaren esanetan.
Sindikatuek, bestalde, ekintza horiekin bat egiten ez dutela adierazi dute, "gertakari puntualak dira", gaineratu dute. Hain justu, sabotajea "ke-laino" moduan erabiltzea egotzi diote Bizkaiko Foru Aldundiari, "arreta beste alde batera bideratu nahi dute, joan den urtean sinatutako akordioa ez betetzearren".
Sabotajearen ondorioz, Enkarterrietan gutxieneko zerbitzuak eskaini behar zituzten autobusek atzerapenak izan dituzte. Izan ere, gurpilak eta bateriak konpondu dituzten arte, geldituta egon dira ibilgailuak.
Bizkaibuseko sindikatuen hitzetan, Abanton jazotakoak "gertakari puntualak" dira, eta ildo horretan, Aldundiari bere mesedetan erabiltzea egotzi diote: "Arazoa konpondu barik, arreta beste alde batera bideratu nahi dute".
ELAko iturriek azpimarratu dutenez, sindikatuek ez dute sabotaje ekintza horiekin bat egiten. Euren hitzetan, gertakariek "ez dute eragin ekonomikorik izan", gurpilak "hustuta zeuden, ez zulatuta" eta "jada zerbitzua eskaintzen ari dira".
Sindikatu honen aburuz, foru erakundea herritarrak "nahastu guran" dabil. Izan ere, nabarmendu dutenez, ez dute bilera egiteko Aldundiaren eta enpresen deirik jaso, eta horrek, euren ustean, arazoa konpontzeko "borondate falta argia" erakusten du.
"Lan baldintzak eta lanpostuak bere horretan uztea baino ez dugu eskatzen, urriaren 4an sinatutakoa, alegia. Bizkaiko Foru Aldundiak nahi duenean konponduko da arazoa. Gure ustez, Aldundiak ez du arazoa konpondu nahi eta langileak eta erabiltzaileak bahitu gisa erabiltzen ari da", adierazi dute.
Laugarren greba-eguna
Bizkaibuseko langileek laugarren greba-eguna dute gaur, iaz Bizkaiko Aldundiarekin enpleguari eusteko egindako akordioa bete dadila aldarrikatzeko.
Egun osoko lanuztearen baitan, ELA, CCOO, LAB, UGT eta LSB/USO sindikatuek manifestazioa egingo dute Bilboko erdigunean. Mobilizazioa 10:00etan abiatu da EiTBko egoitzan eta foru jauregian amaitu.
Gaurkoaren ostean, beste bost greba egun daude deituta: urriaren 17, 20, 21, 23 eta 24an. Urriaren 27tik aurrera greba mugagabea dago iragarrita.