Ekonomia -
Lan-gatazka
Bizkaibuseko langile guztiek egin dute bat 24 orduko grebarekin
Gutxieneko zerbitzuetako langileak baino ez daude lanean. Ertzaintzaren arabera, ez da istilurik jazo.
Erredakzioa
Bizkaibuseko langile guztiek egin dute bat gaur 24 orduko greba-egunarekin, eta gutxieneko zerbitzuetakoak (% 30) baino ez daude lanean, ELA sindikatutik jakinarazi dutenez. Segurtasun Sailaren arabera, ez da inolako istilurik jazo lanuzteen lehen orduetan.
Greba-eguna ELA, UGT, CCOO, USO eta LAB sindikatuek deitu dute, duela urtebete Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako akordioa betetzea aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, enpleguari eta lan-baldintzei eustea adostu zuten.
Bizkaibuseko langileek 24 orduko beste zortzi greba-egun deitu dituzte hilabete honetarako; urriaren 9, 13, 15, 17, 20, 21, 23 eta 24rako, hain zuzen ere. Hilaren 27tik aurrera, berriz, greba mugagabea abiatuko dute.
Sindikatuak Aldundiko ordezkariekin "noiznahi" batzartzeko prest agertu dira.
Eguerdian, ehunka langilek manifestazioa egin dute Bilboko kaleetatik, 'Gurea defenda dezagun' lelopean.
Iñaki San Andres ELAko ordezkariak esan du langileek greba deialdia "argi" eta "irmo" babestu dutela, eta adostutakoa bete arte "borrokan" jarraituko dutela ohartarazi du.
Grebarako deialdiak enpresa hauetako langileei eragin die: TCSA, Enkarterriak, Compañía de Autobuses Vascongados (CAVSA), Pesa Bizkaia, Lujua autobusak eta ADNOR Autocares Discrecionales del Norte. Ondorioak, berriz, Enkarterri, Ezkerraldea, Meatzaldea, Txorierri-Mungialdea, Nerbioi, Arratia-Durangoaldea eta Busturialdea-Lea-Artibai zonaldeetako erabiltzaileek nabaritu dituzte.