Ekonomia -

Caja Madrid

Espainiak Ibexeko enpresak ikertuko ditu, 'ezkutuko txartelen' harira

Caja Madrideko zuzendaritzako 86 kidek 15 milioi euro gastatu zituzten 2003. eta 2012. urteen artean, ‘b’ txartelak erabilita.

Bankiako kreditu txartelen aferak dimisioak ekarri ditu

1:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Ogasun Ministerioak Ibex 35eko enpresak ikertuko ditu, ezkutuko kreditu-txartelak erabili dituzten zehazteko. Caja Madrideko zuzendaritzako 86 kidek 15 milioi euro gastatu zituzten 2003. eta 2012. urteen artean, ‘b’ txartelak erabilita.

Murgildutako ekonomiaren bitartez gastuak egiten dituzten ikertuko du Ogasunak. Hala ere, Ministerioak esan du ustezko delitu horrek ez duela zerikusirik enpresa handi bateko zuzendaritzako kideen kreditu-txartelekin, beti ere, gastu horiek deklaratu egiten dituzten bitartean.

Bankiako kreditu txartelen aferak hiru dimisio ekarri ditu gaur, PSOE, UGT eta Comisiones Obreraseko hiru kiderenak, hain zuzen ere.

Caja Madrideko kontseilariek justifikatu gabe gastatutako 15 milioi euroen afera dagoeneko Auzitegi Nazionalean dago, baina kongresuan ere ikertzea eskatu du IUk.

Aste honetan zabaldu da Miguel Blesa Caja Madrideko presidente izan zen garaian kontrol gabeko 83 kreditu txartel zeudela, administrazio kontseiluko eta zuzendaritzako kideren esku. Guztira, justifikatu gabeko 15 milioi euro gastatu zituzten txartel horiek erabilita.

Egunean zehar, PSOEko Madrileko Exekutibako bokal bat, UGT sindikatuko Madrilgo idazkari nagusia eta CCOOko exekutibako kideek dimisioa eman dute, euren alderdi eta sindikatuetako zuzendaritzak behartuta.

PSOEk espedientea ireki die hamabost militanteri Caja Madrideko txartela beltzen erabileraren bitartez deliturik egin ote zuten ezagutzeko.

Espedienteari itxoin gabe, Angel Gomez del Pulgarrek, alderdiko Madrileko exekutibako kideak kargua utzi du.

Gauza bera egin du UGT sindikatuaren Madrileko idazkari nagusiak, José Ricardo Martínezek. Ardura etikoagatik dimititu duela esan du sindikatuaren liderrak, baina epaileek argitu beharko dutela deliturik egon ote den.

Eta zerrendarekin jarraituz, CCOOek ere iragarri du Rodolfo Benito kideak kargua utzi duela. CCOOko buruzagiak asteburuan bilduko dira gaia aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea