Ekonomia -
Energia eta ingurumena
Eta Euskadin petrolioa badago, zer?
Bi enpresak euskal kostaldean petrolioa bilatzeko baimena eskatu dute, baina zalantzak ugari dira: zer irabaziko luke EAEk? Noiz hasiko lirateke prospekzioak?
eitb.eus
Bi multinazionalek (Shell eta Capricorn) euskal kostaldean petrolioa bilatzeko baimena eskatu diote Espainiako Gobernuko Industria Ministerioari.
Hain zuzen ere, euskal kostaldetik 100 kilometrora dauden bost eremutako ur sakonak aztertu nahi dituzte, inguru horretan petrolioa egon daitekeela susmatzen baitute aspalditik sektoreko adituek.
Aipatu konpainiek iazko abuztuan eskatu zuten baimena, baina Ministerioak orain abiatu du prozedura, eskakizuna Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) publikatuta, hori baita baimena emateko lehen baldintza.
Orain, bi hilabeteko epea dago eskaintza gehiago jasotzeko edo kaltedunek alegazioak aurkezteko. Greenpeacek dagoeneko aurreratu du alegazioak aurkeztuko dituela.
Estatuko Administrazioari dagokio itsasoaren hondoan hidrokarburoak bilatzeko baimena ematea. Erkidegoek txosten bat aurkeztu behar dute (ingurumena babestea izan ohi du helburu), baina ez da loteslea; hau da, Espainiako Gobernuak du azken hitza.
Oraindik lau urte beharko dira Shell eta Capricorn konpainiek petrolioa bilatzeko baimena lortuko ote duten jakiteko, eta ikerketarako baimenak sei urtekoak dira. Horrenbestez, 10 urte pasatu beharko dira, gutxienez, ustiapena abiatzeko, baldin eta petrolioa topatzen badute eta Ministerioak ekoizteko baimena ematen badie.
Petrolio ustiapenak ez lioke mozkin zuzenik ekarriko Euskadiri. Izan ere, enpresek Estatuari ordainduko lizkiokete zergak, ez erkidegoari.
Kanarietako aurrekaria
Aurrekari gertukoena Kanaria uharteak dira. Repsolek bertan hidrokarburoak bilatzeko baimena eskatu zion Espainiako Gobernuari 2001. urtean, eta lanak bi hilabete barru hasiko direla baieztatu berri du Ministerioak. 13 urte pasatu dira, eta oraindik ez dira hasi prospekzioak.
Auziak, gainera, liskar handia eragin du Kanarietako eta Espainiako gobernuen artean. Izan ere, Exekutibo autonomikoak auzitara jo du, prospekzioak galarazten saiatzeko.