Ekonomia -
Makina erreminta
Goratu enpresako inputatuek 5 urte arteko zigorra jaso lezakete
Irani erabilera bikoitzeko materiala esportatzea egotzi dio Guardia Zibilak Elgoibarko enpresari.
D.P. / I.G. | eitb.eus
Goratu enpresako hiru zuzendari inputatuek bat eta bost urte arteko espetxe zigorra jaso lezakete. Guardia Zibila atzo sartu zen Elgoibarko (Gipuzkoa) konpainia horren egoitzan, Irani hainbat material kontrol barik saltzea egotzita.
Hain zuzen ere, erabilera bikoitzeko materiala saldu diola uste du Guardia Zibilak, hau da, industria makinak zein armak egiteko balio duena.
Antonio Masse Merkataritza Zuzenbidean aditu den abokatuak eitb.eus-i azaldu dionez, inputatuek beste zigor bat ere jaso lezakete: "esportatutakoaren balioa baino sei aldiz handiagoa izan daitekeen isun bat".
Horren esanetan, erabilera bikoitzeko materialen zerrenda bat dago Europan, baina "oso korapilatsua da". Makina horiek esportatu ahal izateko, Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioari baimena eskatu behar zaio, baina prozesuak "hilabeteak" iraun dezake.
Lerun industriagunean dago Goratu enpresa. Makina-erremintan espezializatutako lantegia da eta tornuak, fresatzaileak eta makina-erremintako beste osagai batzuk egiten ditu. Guardia Zibilaren ustez, baliteke material horiek erabilera bikoitza izatea, hau da, industrian erabiltzeko makinak egiteko erabil daiteke, eta baita armak egiteko ere.
"Tornu batekin posible da etxetresna elektriko baten ardatza edota arma batena egitea; izatez neutroa bada ere, batzuetan posible da material horren esportazioa debekatzea", gaineratu du Massek.
Industria alorreko enpresaburuen "zalantzak" ere aipatu ditu abokatuak, askotan Gobernuek erabilera bikoitzeko materiala dela "ondoren" erabakitzen dutelako eta, hortaz, esportatu ahal izateko prozesu luze eta zaila egin behar izaten dutelako.