Ekonomia -
Bilbo
AHT zuzenean Abandoko geltokira heltzearen alde agertu da Jaurlaritza
Jaurlaritzako, Bizkaiko Diputazioko, eta Bilboko eta Basauriko Udaletako ordezkariak Sustapen Ministerioarekin bilduko dira, eta proposamena egingo diote.
Erredakzioa
Abiadura Handiko Trena, Bilbo-Urduña aldiriko zerbitzuko instalazioetara heldu beharrean, Abandoko geltokira zuzenean sartzearen alde agertu da Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea.
Aizek Madrilgo Trenbideen Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan gaur arratsaldean egitekoa den bilera batean parte hartuko du, Bilbo inguruan Abiadura Handia Trena antolatzeko Erakundearteko Batzordeak bultzatuta.
Bileran, Jaurlaritzako, Bizkaiko Diputazioko, eta Bilboko eta Basauriko Udaletako ordezkariak eta Sustapen Ministeriokoak izango dira. Abiadura Handiko Trena, Bilbo-Urduña aldiriko zerbitzuko instalazioetara heldu beharrean, Abandoko geltokira heltzea eskatuko dute bertan euskal ordezkariek.
Gainera, lau erakundeek txosten informatiboa bukatzeko eta lanak bi alditan egiteko eskatuko diote Sustapen Ministerioari, lehenbailehen Basauriko tunela eta Bilbo-Cantalojas lotzeko lanak egiteko. Proposamena onartuz gero, lehenengo fasean zati hori egingo lukete, eta bigarrenean Abandoko geltokia erabat berrituko lukete.
"Ez dugu uste egokia denik Euskal Y-aren lotura Basauri bidez egitea, gaur egun aldiriko trenek erabiltzen duten trenbidearen gaitasun txikia kontuan izanda", esan du Antonio Aizek.