Ekonomia -

Eztabaida

Garitanok Kutxabankez solasteko deia egin die Bilbaori eta De Andresi

Gipuzkoako Aldundiak Kutxako presidentearen gonbidapena onartu du eta fundazioaren estatutuak eztabaidatuko dituzten forora joango da.

Martin Garitano eta Larraitz Ugarte, gaurko agerraldian.
Martin Garitano eta Larraitz Ugarte, gaurko agerraldian.
Martin Garitano eta Larraitz Ugarte, gaurko agerraldian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Kutxabanken kontrol publikorako eta sozialerako egindako proposamenaren inguruan hitz egiteko deia egin die Javier de Andres eta Jose Luis Bilbao Arabako eta Bizkaiko ahaldun nagusiei.

Garitanok prentsaurrekoa eman du gaur Donostian Larraitz Ugarte bozeramailearekin batera, eta bertan iragarri du Xabier Iturbe Kutxaren presidentearen gonbidapena onartu eta Aldundia Kutxa fundazioaren estatutuez eztabaidatzeko foroan izango dela.

Garitanok Gipuzkoako Aldundiak egindako proposamena "aintzat hartzeko" eskatu die Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiei, izan ere, "kutxen erakunde sortzaileetako ordezkari gisa, denon artean hitz egin dezagun, hala Kutxabanken kontrol publiko eta soziala bermatzeko". "Gauza asko daude jokoan, kutxen etorkizuna oso garrantzitsua da gure herriarentzat, eta erakundeok arduraz jokatu behar dugu", azpimarratu du.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak berretsi du bere proposamena "legezko alternatiba bat" dela, eta "egin daitekeela, nahikoa borondate politiko izanez gero, pribatizazio saiakeraren aurrean".

Kutxa "pribatizatzea astakeria latza izango litzateke", zeren Kutxa "Gipuzkoako herritar guztien ondarea baita", azaldu du Garitanok. Hori horrela, "gaur egun erakundeek, gizarte mugimenduek, bezeroek eta langileek Kutxan ordezkaritza" dutela eta "informazioa eskuratu, proposamenak egin eta erabaki garrantzitsuenetan parte hartzeko aukera" dutela azpimarratu du.

Azkenik, ahaldun nagusiak ez du iritzirik eman nahi izan Kutxako patronatuko kideen inguruan, "eztabaida serioagoa delako pertsonen izenak baino", eta argi adierazi du Bilduk ez duela hautagairik aurkeztuko "gure proposamena eztabaidatzen den arte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank