Ekonomia -
Krisiaren aurkako neurriak
ELA: ‘Langile publikoei zuzendutako lan-erreforma ezarri nahi du EAJk’
ELAk gogor kritikatu du Jaurlaritza, “murrizketetan oinarritutako politikari eutsi nahi diolako, zerbitzu publikoetara bitarteko gehiago bideratu gabe”.
ELA sindikatuaren ustez, Jaurlaritzak abian jarritako neurrien ondorioz “enplegu publikoa suntsitzen ari dira” eta “pobrezia areagotzen ari da”.
Ildo horretan, Jaurlaritzak 2015ean “murrizketa gehiago” egingo dituela eta “langile publikoei zuzendutako lan-erreforma” ezarri nahi duela ohartarazi dute. “Murrizketetan oinarritutako politikari eutsi nahi diote, zerbitzu publikoetara bitarteko gehiago bideratu gabe”, erantsi dute.
Enplegu publikoari buruzko lege-proiektu bat aurkezteko asmoa ere baduela esan du, eta egitasmo horrek “Espainiako Gobernuak abian jarritako lan-erreformaren aspektuak aplikatzea” suposatuko duela azpimarratu du.
Bestalde, ELAk esan du ez duela onartuko “sektore publikoan lan-erreforma aplikatzea ekarriko duen inolako eredurik”.
Gauzak horrela, “negoziazio kolektiboaren aurkako eraso honen aurrean, pobrezia areagotu eta enplegu publikoa suntsitzen ari diren garai honetan, langileei irmoki erantzuteko dei egiten diegu”, adierazi dute ohar baten bidez.