Ekonomia -

Dokumentazioa

Zer da deflazioa?

Ondasun eta zerbitzuen prezioen gainbehera orokorra da. Beherako joerak denboran luzatzen bada, testuinguru ekonomikoak okerrera egingo du.

G. Palacios | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondasun eta zerbitzuen prezioen gainbehera orokorra da, gutxienez denboran sei hilez luzatzen dena. Beraz, noizbehinka edo sektore jakin batean ematen diren prezioen jaitsierak ez dira deflaziotzat hartzen.

Prezioak jaitsi egin direla entzuterakoan ohikoa da berri positiboa dela pentsatzea; izan ere, herritarrek diru gutxiago xahutuko dute, besteak beste, oinarrizko erosketak egiterakoan. Alabaina, beherako joera denboran luzatuz gero, testuinguru ekonomikoak okerrera egingo du.

Demagun familia batek autoa, etxea, telefonoa edo ordenagailua erosi nahi duela. Prezioak jaisten ari direla ikusita, orain erosi beharrean, itxarotea erabakiko du produktua merkeago eskuratzeko asmoz. Horrenbestez, eskaera-kopuruak behera egingo du; eskaerak gutxituta, enpresek gutxiago ekoiztuko dute eta, ondorioz, galerak izango dituzte, irabaziak izan beharrean; horrek soldatak jaistea eta kaleratzeak ugaritzea ekarriko du, baita langabezia-tasak gora egitea ere.

Bestalde, kontsumoaren beherakadarekin batera BEZa ere jaitsiko da, hau da, diru gutxiago bilduko da zergen bitartez eta, beraz, administrazioek baliabide gutxiago izango dituzte gastu publikoan inbertitzeko.

Zer dira ABS aktiboak?

Bono bilakatutako finantza aktiboak dira. Kapital falta duten bankuek maileguak pilatu eta bono bihurtzeko bidea da. Bono horiek Europako Banku Zentralak erosiko ditu eta, horri esker, likidazio-arazoak zituzten bankuek mailegu berriak emateko aukera izango dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea