Ekonomia -
Abuztuaren 25ean
Cata Bizkaiko Aldundiarekin bilduko da Edesaren inguruan aritzeko
Lehenengo urtean zehar 65 langile hasiko dira bertan lanean. Laugarren urtean, berriz, 98 langile arituko dira lantegian.
Erredakzioa
Catak jakinarazi du abuztuaren 25ean bilduko dela Bizkaiko Foru Aldundiarekin Basauriko Edesa lantegiaren eskaintzaren nondik norakoak argitzeko eta horren "etorkizuna adosteko". Halaber, Garagartzako eta Eskoriatzako lantegiak urrian zabaldu ostean, gainerako instalazioak azaroa eta martxoa artean jarriko dituztela martxan gaineratu du.
Basauriko Edesa lantegiaren inguruan egindako azken eskaintzaren arabera, 65 langile hasiko dira lanean bertan lehenengo urtean zehar. Ondoren, kopuru hori apurka-apurka handitzen joango dela jakinarazi dute, eta azkenean 98 langile izango dituela.
Catak adierazi du abuztuaren 25ean Bizkaiko Diputazioarekin bilduko dela datozen lau urteetarako eskaintzaren nondik norakoen "zehaztasunak" argitzeko.
Bileraren helburua Bizkaiko agintariekin "Basauriren etorkizuna aztertzea eta adostea" izango da, ondoren, "adostutako akordioaren zehaztasunak publikoki aurkezteko".
Fagorrentzako proiektua
Bestalde, Fagorren proiektu orokorraren harira, datozen hilabeteetarako produkzioa planifikatu dutela zehaztu du. Hasteko, "Garagartzako eta Eskoriatzako lantegien ekoizpena urrian abiarazteko" beharrezko osagarriak bilduko dituztela iragarri dute.
Ondoren, gainerako instalazioak jarriko dituzte martxan, Euskadin dituzten lantegi guztiak lanean jartzeko. Hasiera batean, ekoizpena azaroa eta martxoa artean abiatzea espero dute, makinariaren kontserbazioaren eta egoeraren arabera.