Ekonomia -
Cataren komunikatua
Catak aurreratu du Fagorrek urrian irekiko dituela bere lantegiak
CANek adierazi du "abuztuan zehar Fagorreko zuzendaritza talde berria kontratatzen" ari dela, eta "ia kide guztiak bazkide kooperatibista eta langile ohiak" direla.
Erredakzioa
CAN taldeak, Fagor Etxetresnak kooperatibaren aktibo guztiak erosi dituen enpresak, nabarmendu du "ahalik eta denbora bizkorrenean" zabalduko duela berriz ere jarduera. Hasteko, irailean ekingo diote jarduera komertzialari, eta urrian Garagartzako eta Eskoriatzako lantegiak zabalduko ditu produkzio-jarduera berriz martxan jartzeko.
Momentu honetan "Fagorreko zuzendaritza talde berria kontratatzen" ari dela adierazi du CANek, eta "ia kide guztiak bazkide kooperatibista eta langile ohiak" direla.
Horrela, datorren urterako produktuen katalogo berria kaleratzea espero dute. Ohar baten bitartez, Fagorren aktiboak erosi dituen enpresak dio "motorrak berotzen" ari dela Fagor berria martxan jartzeko.
Adierazi dutenez, beren asmoa da "jarduera produktiboa eta komertziala ahalik eta denbora laburrenean martxan jartzea". Gaineratu dute irailean hasiko direla Fagor berriaren jarduera komertzial eta administratiboarekin.
Helburu horrekin, "marketin plan berri bat" garatzen ari dira, "proiektu berria mailaka martxan jartzeko".
Batzarra Eusko Jaurlaritzarekin
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko arduradunak Fagor Etxetresnak erosi duen Cata enpresako arduradunekin bildu dira astelehen honetan Donostian.
Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, Cata enpresako arduradunen eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren arteko lehen batzar ofiziala da, joan den uztailaren 29an Fagorren hartzekodunen konkurtsoaz arduratzen den epaileak aktiboak saldu zizkionetik enpresa katalanari.
Catari "formula berria" argitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak
Fagorren proiektura langile ohiak gehitzeko erabiliko duen formula argitzeko eskatu dio Tapiak Cata enpresari. Beste aldetik, sailburuak adierazi du "Euskadirentzat bideragarria den industria proiektua” izaten jarraitu nahi duela.