Ekonomia -

EB-ren isuna

Akordioa lortu dute 'opor fiskalen' isuna ordaintzeko

Akordioa akordio, Garitanok salatu du isuna eragin duten "erabaki politikoak" EAJren, PPren eta Confebasken errua izan zirela.

Ahaldun nagusiak, Ogasun sailburuarekin. Argazkia: EiTB
Ahaldun nagusiak, Ogasun sailburuarekin.
Adostasuna, opor fiskalen isuna denen artean ordaintzeko

0:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk datorren astean ordainduko du 'opor fiskalak' direla eta jasotako isuna. Isunaren errua elkarri leporatu diote Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, eta azken horrek Araban agintzen duen PPri ere egotzi dio errua.

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek Euskal Finantzen Kontseiluak gaur egin duen aparteko bileran adostu dute Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezarritako 30 milioi euroko isuna nola ordaindu.

Eusko Jaurlaritzak isunaren % 70a (21 milioi euro) ordainduko du, bere esku geratzen baita aldundiek zerga bidez jasotakoaren portzentaje hori, eta gainerako % 30a aldundiek ordainduko dute, Ekarpen Legearen arabera: Arabak % 16,6a (1,4 milioi), Gipuzkoak % 33a (ia 3 milioi) eta Bizkaiak erdia (4,5 milioi).

Akordioa astelehenean itxi zen, eta aho batez onartu dute gaur, baina Bilduren "jarrera kritikoak" galarazi egin du Ricardo Gatzagaetxebarriaren eta hiru ahaldun nagusien prentsaurreko bateratua.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez, isuna eragin duten "erabaki politikoak" orduan aldundietan zeuden alderdien ardura dira, hau da, EAJrena eta PPrena, eta Confebask patronalaren "laguntza" izan zuten aurrera eramateko.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, dirua berreskuratzen azkena Gipuzkoa izan zela gogorarazi du, eta 2013an izan zela, Bilduk agintean bi urte zeramatzanean.

Arabatik, Javier de Andres ahaldun nagusia gustura agertu da, akordioa "justua" izan delako, erakunde bakoitzak "ordaintzeko duen gaitasunaren arabera" banatu dutelako isunaren ordainketa.

Gatzagaetxebarriak ez du isunaren arduraren inguruan hitz egin nahi izan, eta erakundeen arteko elkarlana azpimarratu du, isuna ordaintzeko akordioa ahalbidetu duelako.

Bai sailburuak bai ahaldun nagusiek, argi adierazi dute isunaren ordainketak ez duela eraginik izango erakundeen finantzetan, horretarako sortu baitzituzten, hain zuzen ere, aparteko gertakarietarako diru-funtsak.

Aldundiek hilaren 28an emango diote dirua Jaurlaritzari, eta horrek helaraziko dio Ogasun Ministerio espainiarrari.

PSE-EEk agerraldiak eskatu ditu

PSE-EEk bi eskari aurkeztu ditu Arabako eta Bizkaiko ahaldun nagusiek agerraldia egin dezaten dagokien batzar nagusietan, isuna eragin duten erabaki politikoen ardura norena den argi dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea