Ekonomia -
Opor fiskalak
De Andres: 'Isunaren % 30 ordaintzea adostu dute hiru aldundiek'
Finantza Publikoen Euskal Kontseilua asteazkenean bilduko da, baina akordioa lehenago ixtea espero du De Andresek. Eusko Jaurlaritzak isunaren % 70 ordaindu behar duela errepikatu du Garitanok.
Erredakzioa
Opor fiskalak direla eta EBk ezarritako isunaren % 30 ordaintzea adostu dute hiru aldundiek, Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusiak gaur ziurtatu duenez. Finantza Publikoen Euskal Kontseilua asteazkenean bilduko da, baina akordioa lehenago ixtea espero du De Andresek.
Kontseilua asteazkenerako deitu du Gasteizko Exekutiboak. 30 milioi euroko isuna ordaintzeko banaketa itxi nahi dute bileran.
Arabako Errioxan araztegi bat inauguratu eta gero adierazpenak egin ditu De Andresek. Jaurlaritzak Arabak eta Gipuzkoak proposatutako formula onartu duela baieztatu du ahaldun nagusiak. Horrela, Gasteizko Exekutiboak isunaren % 70 (21 milioi) ordainduko du eta hiru aldundiek gainerako % 30 (9 milioi).
Jaurlaritzak "konpromisoa" hartu eta gero, hiru lurraldeek "erabateko adostasuna" mantentzen dute, bakoitzak "bere ordaintzeko gaitasunaren barruan isunari aurre egiteko", ahaldun nagusiaren hitzetan.
De Andresen ahotan, Arabak eta Gipuzkoak hasieratik defendatu duten formularekin bat egin du Bizkaiak. Gobernu zentralari 30 milioiak itzultzeko modua zehazteke dagoela adierazi du, baina "arazo txikiena" dela erantsi du.
Garitano
Era berean, Kontseiluak isunaren ordainketarako zerga sistemaren ohiko koefizienteak erabiltzea espero du Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Eusko Jaurlaritzak isunaren % 70 ordaindu behar duela errepikatu du Garitanok, logikoena "banaketa horrela egitea delako".
"Euskal herritarrek 30 milioi ordaindu behar izatearen errudunak" jakitera emateko eskatu dio Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Finantza Publikoen Euskal Kontseiluari.
Zentzu horretan, isuna zergadunen poltsikoan eroriko dela azpimarratu du LAB sindikatuak.