Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
Jenaro Garciaren emaztea eta Gowexeko kontseilariak inputatu dituzte
Bederatzi lagun inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Santiago Pedraz epailea, besteak beste, Florencia Mate kontseilari ohia, Francisco Manuel Martinez Marugan kontseilaria eta kontu-ikuskaria.
Erredakzioa
Bederatzi lagun inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Santiago Pedraz epaileak 'Gowex auzian', besteak beste, Florencia Mate kontseilari ohia, Jenaro Garcia presidente ohiaren emaztea, Francisco Manuel Martinez Marugan kontseilaria, kontu-ikuskaria eta ustezko lau izen-mailegatzaile.
Ustelkeriaren aurkako fiskaltzak eskatuta deklaratzera deitu ditu Pedrazek. Eskandaluaren berri izan eta gero, Matek kargua utzi zuen enpresan. Matek eta Martinez Maruganek ostegunean 10:30etik aurrera deklaratu beharko dute.
Jose Antonio Diaz Villanueva M&A enpresako kontu-ikuskariak eta Javier Solsona Piera konpainia berdineko kontseilariak ostiralean deklaratuko dute.
Javier Martin Vaquero K10 Market Medios Publicitarios SL, Esperada de Inversiones S.L., Consultoria Asesoria eta Comunicaciones S.L konpainietako administratzaileak eta Guadalupe Esmeralda Almeida Figueroa R.I. Tic Broker S.L., CI Netcom TIC Broker Group S.L. eta FM Twenty One Telecom Network S.L enpresetako administratzaileak astelehenean deklaratuko dute, 10:00etatik aurrera.
Era berean, Juan Cañamero Gonzalez Seasuntel S.L. enpresako administratzaileak eta Antonio Salmerón Campos Panel Consulting y Solutions S.L. eta Line Informatica S.L konpainietako administratzaileak deklaratu beharko dute.
Astebete geroago, uztailaren 28an, Ricardo Moreno Warleta Gowexeko kontseilari ohiak (2012ko urtarrilera arte) Auzitegi Nazionalera joan beharko du.
Miaketa Gowexen egoitzan
Bestalde, Pedrazek Gowexek Madrilen duen egoitza miatzeko agindua eman dio Poliziari, eta gaur bertan miatuko omen dute, Auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez. Era berean, Gowexek Regus enpresari alokatutako bulego bat ere miatuko dute.
Jenaro Garcia enpresaren presidente ohiari deklarazioa hartu eta biharamunean eman du agindua epaileak. Garciak atzo onartu zuen Gowexen azken hamar urteetako kontuak faltsutu zituela, eta ez azken lau urteetakoak bakarrik, hasiera batean aitortu zuen moduan.
Epaileak libre utzi zuen Jenaro Garcia, 600.000 euroko bermepean, eta 15 eguneko epea eman zion ordaintzeko. Ordaindu ezean, kartzelara joan beharko du.