Ekonomia -
Opor fiskalak
Aldundiak ez daude ados Ogasun Ministerioaren erabakiarekin
Bizkaiak euskal ogasunak "laster" biltzea espero du; Gipuzkoak isuna "modu orekatuan" banatzeko eskatu du; Arabak Montorori deitu dio banaketa zuzentzeko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek Espainiako Ogasun Ministerioaren ohar bat jaso zuten atzo, opor fiskalengatik 30 milioi euroko isuna ordaintzeko eskatuz. Hori dela eta, hiru aldundiek desadostasuna erakutsi dute Cristobal Montorok zuzendutako ministerioaren erabakiaren inguruan.
Ogasunaren proposamenaren arabera, Arabako Aldundiak isunaren % 65,85a ordaindu beharko luke, Bizkaiak % 21,29a eta Gipuzkoak % 12,86a.
Bizkaiak euskal ogasunak biltzea espero du
Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du euskal ogasunak "laster" biltzea nahiko lukeela, EBren opor fiskalen isunaren ordainketa nola banatu eztabaidatzeko, eta aukera guztiak zabalik daudela zehaztu du.
Ogasun Ministerioak Eusko Jaurlaritzari eta aldundiei bidalitako proposamena aztertzen ari da Bizkaiko Aldundia, adierazpen batean azaldu duenez.
Erakunde bizkaitarrak azpimarratu du aukera guztiak zabalik dituztela, Ekarpenen Legeko modeloari jarraiki, koefizienteen araberako ordainketa barne. Horren arabera, isunaren % 70a Eusko Jaurlaritzak ordainduko luke, eta % 30a, aldiz, Aldundiek.
"Hitz egiteko denbora daukagu", esan du instituzioak.
Bizkaiko Aldundiak azpimarratu du Ogasunak banaketa egiteko erabilitako araudia Auzitegi Gorenean errekurritu zuela, eta kontu hori Kontzertu Ekonomikoko Batzorde Mistoan eztabaidatu behar zela uste du.
Gipuzkoak isunaren banaketa orekatu defendatu du
Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak Europak ezarritako isuna "modu orekatuan" banatzea proposatu du, "ez dadin inor gehiegi kaltetu".
Horretarako, isuna baliabide publikoak banatzeko erabiltzen diren portzentajeen arabera banatzea defendatu du Francok. Horrela, zigorraren % 70a Eusko Jaurlaritzak ordainduko luke, eta % 30a Aldundien artean banatuko litzateke, koefiziente horizontalari begira.
Diputatuak uste du Ogasun Ministerioak egindako kalkuluek zenbait instituzio bereziki kaltetzen dituztela, baina, batez ere, "Arabako hiritarrak".
"Herrialde bezala jokatu behar dugu, isunaren pisua ahalik eta modurik orekatuenean banatuta, inor gehiegi kaltetu gabe", adierazi du.
Francok esan du lurralde bateko hiritarrek ez dutela zertan "beste lurralde batekoek baino gehiago ordaindu, guztiaren atzean EAJk eta PPk Confebaskekin batera bultzatutako estrategia bat egonda".
De Andresek Montorori deitu dio zuzenketa eskatzeko
Javier De Andrés Arabako ahaldun nagusiak Cristobal Montoro Ogasun ministroari deitu dio, Ministerioak proposatu duen lurraldekako banaketa "berehala zuzendu" dezan.
Banaketak PPk zuzentzen duen Aldundi arabarrean ondoeza eragin du. Hori dela eta, De Andresek "Araba kaltetzen duen okerreko interpretazioa berehala zuzentzeko" eskatu dio ministroari; gainera, Ministerioak kontu horretan "eskua ez dezala sartu" adierazi du, eta erabakia "euskal instituzioen esku" uzteko eskatu dio.
Diputazioak jakinarazi duenez, eskaeraren aurrean "baikor" agertu da Montoro, eta Aldundiak "zuzenketa ahalik eta azkarren" iristea espero du.
Fiskaltzak hiru aldundiak ikertuko ditu
EAEko Fiskaltzak izapideak hasi ditu hiru Aldundiek opor fiskalen isuna ordaintzeko atzerapenean izan zuten jarrera aztertzeko. Isuna Europar Batasunak jarri zion Espainiari, 90eko hamarkadan enpresei emandako diru laguntzengatik.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak Aldundien azalpenak entzungo ditu udaren ostean eta, ondoren, arduragabekeriaz jokatu zuten ala ez erabakiko du.
ELA sindikatuak txosten bat helarazi zion Fiskaltzari, Aldundiek Europako auzitegiek laguntzak berreskuratzeko emandako aginduari "entzungor" egiteko erabakiaz.
Erkorekak tentuz aritzeko eskatu du
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak opor fiskalen kasuan "tentuz" aritzeko eskatu du, Europar Batasunak ezarritako isunaren inguruan Ogasun Ministerioak zigorra banatzeko egindako proposamena ikusi eta gero.
Erkoreka kazetarien aurrean mintzatu da gai horren inguruan, Donostiako Udako Ikastaroetan parte hartu aurretik. Bozeramaileak "opor fiskalen tramitazioa oztopatu dezaketen adierazpen aldebakarrik" ez egiteko eskatu du; izan ere, "indarrean dagoen araudiaren arabera, Gobernu zentralari dagokio afera bultzatzea eta konpontzea".