Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

AHTren lanen kostua 247 milioi igo da Gipuzkoan

Ana Oregi sailburuak sistema “erabat gardena” proposatu du AHT izapidetzeko. “Eusko Jaurlaritzari hiru hilabetero txosten bat egiteko hitza ematen dut", esan du sailburuak.

Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua. EiTB.
Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua. EiTB.
Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua. EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

‘Y’ trenbide sarea osatzeko Eusko Jaurlaritza Gipuzkoan egiten ari den lanen kostua 247,32 milioi euro igo da hasierako aurrekontuarekiko, eta guztira 1.822,62 milioiko kostua izango du, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak adierazi duenez.

EH Bilduk eskatuta, Eusko Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du Oregik. Koalizioak Gipuzkoako lanen “gainkostua” azaltzeko eskatu diote sailburuari, Oskar Matute parlamentarioaren ustez, % 15,6 igo baitira kostuak.

Oregik argi utzi du ezin dela “gainprezioei buruz” hitz egin, eta kosteen aldaketa guztiak Kontratuen Legearen arabera egin direla esan du. “Ez gara irregulartasunei buruz hitz egiten ari”, zehaztu du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik sistema erabat gardena proposatu dio Eusko Legebiltzarrari, EAEko 'Y' trenbide-sarea izapidetzeari dagokionez. Ildo horretatik, hiru hilean behin informazio-txostenak egin eta aldian behin lan-eremuetarako bisitaldiak antolatuko dira, Legebiltzarreko batzorde-kideek lanen betetze-maila egiaztatu dezaten.

Astelehen honetan egin du agerraldia Oregik, aurreko gobernuak lizitatutako EAEko trenbide-sare edo Y berriaren lanei loturiko alderdi jakin batzuk azaltzeko. Azpimarratu du behar-beharrezkoa dela kudeaketa finantzarioa Kontuen Euskal Epaitegiaren gomendioen arabera gauzatzen jarraitzea; izan ere, "EAEko administrazioaren ardurapeko aspaldiko obrarik handiena da, ikuskaritza eta oharrak ezinbestekoak direna, eta nire Sailari edota mendeko sozietateei eragiten dieten kontratazio-prozeduretan horiek txertatzeko konpromisoa hartzen dut".

Legebiltzarrean gogorarazi du Ana Oregik Gipuzkoako trenbide-zatiko lanei buruz eskatutako azalpenak "egungo gobernua Sailaz arduratu baino lehenago esleitutako txostenei buruzkoak direla, eta, horrenbestez, kontratazio horien ondoriozko lanak aurreko gobernuak onartutako lizitazio-pleguetan jasotako baldintzen arabera gauzatzen direla".

Agerraldian, halaber, sailburuak nabarmendu du "pertsonen abiadura handiko garraiorako eta salgaien garraiorako EAEko trenbide berriak gure herrialdean, penintsulan bertan eta Europako hego-mendebaldean izango duen garrantzi eta eragin sozial, kultural eta ekonomikoa".

Aldaketak

Y-aren egungo aurrekontu-egoera laburbilduz, Eusko Jaurlaritzaren mendeko bide-zatiaren esleipenei 1.575,30 milioi euro dagozkie, eta Indarreko Aurrekontu Likidoa 1.775,23 milioi eurokoa da. Aldaketen, gehikuntzen, larrialdiko lanen eta indarreko amaierako aldaketen ondorioz, % 4,97 garestitu da esleipeneko aurrekontua.

"Berriz diot –berretsi du Oregik– hiru hilean behin ETS sozietate publikoak egingo duen txostena Eusko Legebiltzarrera igortzeko konpromisoa hartuko dut. Txosten horretan jasota geratuko dira ETS zuzendaritza teknikoaz arduratzen den bide-zatien obretako eta aurrekontuaren gorabeherak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea