Ekonomia -
Erantzuna
'Hitz egiteko borondate argia' dutela esan du Osakidetzak
Sindikatu batzuek egindako kritikei erantzun die Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak.
Erredakzioa
Osakidetzaren "borondatea oso argia" dela ziurtatu du Jose Maria Armentia Giza Baliabideen zuzendariak. "Elkarrizketa eta, posible den neurrian, akordioetara heltzeko" borondatea dutela esan du Osakidetzako arduradunak.
Adierazpenok Donostian egin ditu Armentiak. Zuzendaritzaren "isiltasuna" kritikatu dute sindikatu batzuek. Kritikei erantzun die buruzagiak.
2013ko otsailetik Osakidetzako negoziazio mahaia bederatzi aldiz bildu dela gogorarazi du Armentiak. Sindikatuekin aldebiko 44 bilera egin dituztela erantsi du agintariak.
"Akordio borondate horrekin", Giza Baliabideen Egitasmoa 2013ko abenduan adostu zutela azpimarratu du Armentiak. Sindikatu Medikoarekin akordioa lortu zutela gogorarazi du. "Pertsonen kudeaketarako ildoak" legealdian aurrera eramateko "gida" dela goraipatu du Osakidetzako ordezkariak.
"Zentzu horretan, azken mahaian, apirilaren 29an, Osakidetzak lanpostuak sendotzeko programa berri bat sortzeko aukera planteatu zuen, beti ere aurrekontuaren barruan, beste modurik ez dagoelako, erantzukizun publikoaz jokatu behar dutelako", gaineratu du.
Hala ere, 2011ko lan eskaintza publikoa amaitzeke dagoela gogorarazi du, baina lanpostuak aurten esleituko dituztela baieztatu du.