Ekonomia -
Manifestazioa
Osakidetzako sindikatuek 'udazken bero' bat iragarri dute
Lanpostuen, soldaten eta eskubideen murrizketak bukatzea eskatu dute Osakidetzako profesionalek manifestazio batean, Bilbon.
Erredakzioa
Lanpostuen, soldaten eta eskubideen murrizketak bukatzea eskatu dute gaur Osakidetzako profesionalek manifestazio batean, Bilbon. Era berean, aldarrikapenak negoziatzeko elkarrizketa eskatu dute.
Osakidetzako ehunka langilek Bilboko kaleak hartu dituzte, sindikatu profesional nagusiek deituta. "Kalitatezko" euskal osasun zerbitzu "publiko eta unibertsala" defendatu dute manifestariek.
Satse Euskadiko Erizaintza Sindikatuak, ELAk, LABek, SME Euskadiko Sindikatu Medikoak, CCOOk, UGTk, ESKk eta Ospitaletako Fakultatiboen Federazioak manifestazioa deitu dute. Pankarta handi bat buru zuela protestak Bilboko Kale Nagusia hartu du.
Gutxienez 3.000 lanpostu betetzeko lan eskaintza publikoa deitzea eskatu diote sindikatuek Osakidetzari. Langileen bajak, oporrak edo ikastaroak betetzeko aldi baterako langileek utzitako lekua bete beharko lukete. Bestalde, 67 orduko lanaldia murrizteko proposamen bat luzatzeko eskatu diote Osakidetzari. Zerbitzuan karrera profesionala garatzeko egitasmo bat eskatu dute.
Osakidetzako zuzendaritzak langileen eskakizunak negoziatzeko mahairik deitzen ez baldin badu "udazken bero" bat izango dela iragarri dute sindikatuetako bozeramaileek.
Erantzunik ezean, mobilizazio egutegi bat prest dutela ohartarazi dute. Udazkenean, lanuzteak eta 48 orduko greba egingo dituztela iragarri dute. Azaroan, lanuzteak deituko dituzte. Bost asteetan zehar bi, lau eta 24 orduko lanuzteak egingo dituzte. Amaitzeko 48 orduko greba deituko dute.