Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
AHTren lanetan 'utzikeria' egotzi dio EH Bilduk Lan Ikuskaritzari
Oskar Matute legebiltzarkideak salatu duenez, dagoeneko 7 pertsona hil dira AHTren lanetan eta Lan Ikuskaritzak 'beste aldera begiratzen du'.
Erredakzioa
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanetan jazo diren lan istripuen eta salaketen aurrean "erabateko utzikeriaz" jokatzea egotzi dio EH Bilduk Lan Ikuskaritzari.
Oskar Matute eta Arri Zulaika EH Bilduko legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur maiatzaren 28an, Antzuolan, AHTren lanetan gertatutako luiziaz hitz egiteko. Antzuolako tunelean luizia gertatu zen, baina zorionez ez zen inor zauritu.
Matuteren esanetan, "zorionez eta kasualitatez" ez zen inor zauritu. Hala ere, guztira ehunka istripu izan direla eta 7 langile hil direla salatu du. Horren aurrean baina, Lan Ikuskaritzak "ez du ezer egiten" eta "beste aldera begiratzen du".
"Lan Ikuskaritzak utzikeriaz eta modu pasiboan jarduten duela esateko datu objektiboak daude, izan ere, irizpide politiko oso zehatzak jarraitzen ditu", nabarmendu du.
Bestalde, AHTren lanetan eta Tabakalera berritzeko lanetan ari den enpresa baten kontra ELAk jarritako salaketa ere hizpide izan dute EH Bilduko legebiltzarkideek. ELAren salaketaren arabera, aipaturiko enpresak lan baldintza berdinak ezartzen zituen bi proiektuetan, baina Lan Ikuskaritzak Tabakalera bakarrik ikertu zuen.
"Lan Ikuskaritzak ondo asko daki hainbat enpresatan 18 orduko lanaldiak egiten dituztela eta ez du ezer egiten. Antza denez, AHTren proiektua ukiezina da eta salaketek proiektua arriskuan jartzen badute, Lan Ikuskaritzak begiak itxi eta beste aldera begiratzen du", nabarmendu du EH Bilduk.
Matuteren arabera, AHTren lanetan ari enpresek "nahi dutena egiteko askatasuna dute", eta EAJk "interes ekonomikoak lehenesten ditu langileen segurtasunaren aurretik".
Hori dela eta, Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren agerraldia eskatu dute.