Ekonomia -

Etxeko ekonomia

Euskal familien batez besteko gastua 32.720 eurokoa izan zen 2013an

Familia-etxebizitzetan gastu handiena eragin duten taldeak etxebizitza, ura, argindarra eta gasa dira. Zazpi urtean, etxebizitzarekin lotutako gastuak aurrekontuaren % 27,7tik % 35,3ra igaro dira.

Euskal familiek geroz eta gutxiago gastatzen dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko familia-etxebizitzen batez besteko gastua 32.720 eurokoa izan zen 2013. urtean, urtebete lehenago baino % 1,3 txikiagoa eta 2006an baino 1,2 puntu txikiagoa, Eustat Euskal Estatistika Institutuaren datuen arabera.

Etxebizitza, ura, argindarra eta bestelako erregaietan 2012an izandako gastuei eutsi diete euskal familiek; 2006tik, ordea, % 26 igo dira.

Bigarren taldean, elikagai eta alkoholik gabeko edarietan, gastua % 2,1 igo da 2012tik, baina 2006tik % 0,6 jaitsi da.

Garraioan, 2006tik asko egin du behera gastuak, % 31,7, zehazki. 2012tik, % 10 jaitsi da. Aldaketa nabarmenak jaso dituzten taldeei begira, osasunarekin lotutako gastuak % 13,1 igo dira urtebetean, eta % 10,9 2006tik. Hezkuntzan ere, gora egin du gastuak, % 13,4 eta % 26,1, hurrenez hurren.

Aisian, ikuskizunetan eta kulturan, 2012an baino % 11,5 gutxiago gastatu dute euskal familiek, eta hotel, kafetegi eta jatetxeetan, aldiz, % 4,3 gutxiago.

2013an EAEko familia-etxebizitzetan gastu handiena eragin duten taldeak etxebizitza, ura, argindarra eta gasa dira, gastu osoaren % 35,3 osatuz. Horren ondotik, elikagai eta alkoholik gabeko edarietan (% 14,2) eta hotel, kafetegi eta jatetxeetan (% 9,7), garraioan (% 9,1), bestelako ondasun eta zerbitzuetan (% 7,3) eta arropa eta oinetakoetan (% 5,3) gastatu dute gehien.

2006tik, etxebizitzarekin lotutako gastuak igo dira gehien, familien aurrekontuen % 27,7 izatetik % 35,3 izatera igaro baitira; ia zortzi puntu gehiago. Garraioan, aldiz, lau puntu egin du behera gastuak: 2006ko % 13,2tik 2013ko % 9,1era.

Elikagaiek familien aurrekontuaren % 14 hartzen dute beste behin, eta aisiarekin, kulturarekin, hotelekin eta jatetxeekin lotutako gastuek 2006ko % 17,8tik % 15era egin dute behera 2013an.

Pertsonako batez besteko gastua 13.573 eurokoa izan da 2013an, 2012an baino % 0,4 txikiagoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea