Ekonomia -

Osakidetza

Darpon: 'Langile estrukturalen kopurua hazi egin da Osakidetzan'

Bestalde, Osasun sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak botiken koordainketagatik diru-laguntzak eskatu dituztenen % 90ak uztailaren amaierarako izango duela dirua.

Jon Darpón Osasun sailburua. Argazkia: EITB
Jon Darpón Osasun sailburua.
Jon Darpón Osasun sailburua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi du Osakidetzan "langile estrukturalen kopuruak gora" egin duela eta egiturazko lan-taldea "bermatuta" dagoela. Alabaina, onartu du aldi baterako kontratazioetan beherakada bat izan dela, "beharginen lanaldiaren igoeraren ondorioz".

Osakidetzan deitutako mobilizazioen harira, sindikatuen eta administrazioaren arteko norgehiagokaren "betiko kontua" dela adierazi du eta egoera horri irtenbidea eman behar zaiola erantsi du, "bi aldeek erantzukizun konpartitua dutelako".

"Zerbitzuak ondo funtzionatzen ari dira eta Osakidetzako langileek egoera ulertzen dute eta beren eginkizunak ondo betetzen dituzte", azpimarratu du. Hala ere, "2009tik soldatak izoztuta ditugu, erosteko ahalmena galdu dugu eta behar gehiago egiten da lanaldia luzatu egin delako", aitortu du.

"Gizartea, oro har, pobreagoa da eta testuinguru horretan lagundu egin behar dugula uste dugu, garai hobeak iritsi bitartean", azaldu du.

Sindikatuek 3.000 lanpostu suntsitu direla salatu dutela eta, Darponek esan du lanaldia luzatzearen ondorio dela. "Lehen lanaldia 1.592 ordukoa zen, jardunaldi baxua da hori, eta orain lanaldia 1.614 ordukoa da, hau da, langile bakoitzak bi egun gehiago egiten ditu lan urtean", azpimarratu du.

"Langile estrukturalak 26.000 baino gehiago dira, eta aldi baterako kontratuak murriztea beste aukerarik ez dugu izan. Lanaldia luzatzen badugu, behin-behineko kontratazio gutxiago egiteko da", erantsi du.

Koordainketengatik dirua itzuliko da

Osasun sailburuak adierazi duenez, uztailaren amaierarako, koordainketagatik diru-laguntzak eskatu dituztenen % 90ari dirua itzuliko zaio. Guztira, 100.000 pertsona izango dira laguntza hori jasoko dutenak.

Abenduan onartutako dekretu bati esker, baliabide gutxien dituztenei errezeten koordainketarako laguntza eskaintzen zaie. Sistema horren aurrean, pozik agertu da Darpon, eta martxan jartzea “erraza” izan dela adierazi du.

Sailburuak esan du, modu horretara, Estatuaren oinarrizko legedia “albo batera utzi” ahal izan dela, eta, horri esker, Euskadi dirua itzuliko duen autonomia erkidego “bakarra” dela. Dirua kaltetuek luzatutako kontu korronteetan sartuko da zuzenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea