Ekonomia -
Kutxabanken pribatizazioa
Kutxabanken pribatizazioa gelditzeko eskatuko dio EH Bilduk Kutxari
Halaber, Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) erabiltzeari uzteko eskatuko dio koalizioak Kutxako administrazio kontseiluan.
Erredakzioa
Kutxabanken pribatizazio prozesua gelditzeko eta Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea erabiltzeari uzteko eskatuko du EH Bilduk osteguneko Kutxaren administrazio kontseiluan.
Hala, osteguneko administrazio kontseiluan proposamen "argia" aurkeztuko du Kutxak "bere akzioak saldu ez ditzan".
Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea erabiltzeari uzteko, bazkideei sobera kobratu dien dirua itzultzeko eta kontrako epaiei helegiteak jartzeari uzteko exijituko dio EH Bilduk Kutxabanki.
Donostian egindako prentsaurrekoan Kutxabanken kudeaketa eredua kritikatu du Joseba Permach EH Bilduko ordezkariak; izan ere, hiritarren eta ekonomia errealaren zerbitzura egon beharrean, irabazi ekonomikoak lehenesten ditu.
Permachen iritziz, "Kutxabank eta hiru kutxak kudeatu eta ondorio larri hauek eragiten dituztenek izen-abizenak dituzte. EAJ eta PP Kutxabank pribatizatzeko akordio batera heldu ziren, eta PSE-EE da euren aliatua".
Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearen iritziz, Kutxabank erakunde pribatua da dagoeneko. Permachek Fernandezi erantzun dio: "Ez da pribatua, publikoak diren hiru kutxen jabetzakoa baita".
Azkenik, Kutxabanken etorkizunari buruzko eztabaida publikoa lehenbailehen abiatzeko eskatu die Permachek EAJri eta Kutxabanken zuzendaritzari.