Ekonomia -
Garoña irekitzeko eskaera
Gobernuaren 'gutiziak' bultzatuta ireki ahal izatea gaitzetsi du EAJk
Gazte eta Leonen hitzetan, erabakia ''positiboa'' da eta ekologisten aburuz, berriz, ''erokeria'' eta ''okerra''.
Erredakzioa
Pedro Azpiazu EAJk Kongresuan duen Ekonomia bozeramaileak gaitzetsi egin du Garoña Espainiako Gobernuaren ''gutiziak'' eta jabeen ''borondateak'' bultzatuta ireki ahal izatea.
Izan ere, Garoñako zentral nuklearra ustiatzeko baimena berritzeko eskaera aurkeztea erabaki du Nuclenorreko administrazio kontseiluak. Energia eta Turismo Ministerioan egin dute eskaera, eta zentralaren jarduna 60 urtera luzatu nahi dute, 2031ra arte, alegia. ''Okerrekoa dela deritzogu'', esan du Aspiazuk. ''Izugarri kezkatzen gaitu zentralak martxan jarraitzea, oso zaharkituta dagoelako'', azaldu du. ''Ia ez du energiarik ekoizte'', gaineratu du
Gaztela eta Leon
Gaztela eta Leongo Gobernuarentzat, bestalde, erabaki ''positiboa'' da Nuclenorrena, eta ukatu egin du Gobernua enpresa hauek alde ari denik, talde ekologistek salatzen dutenez.
PSOE
Hugo Moran PSOEko ingurumen bozeramaileak esan du Espainiako Gobernuak zentral nuklearren bizia luzatu dezan ''zubia eraikitzen'' ari dela Nuclenor.
Eskaera ''erokeria'' eta erabaki ''okerra'' da
Greenpeace eta Ekologistak martxan elkarte ekologisten hitzetan, erabakia ''erokeria'' da, zentralaren egoera kontuan izanda, eta energia mailan norabide okerrean doa.
"Zentrala segurtasun egoera okerrean dago'', esan du Paco Castejon Ekologistak martxan elkarteko bozeramaileak. Castejonen hitzetan, Garoña berriz irekitzeko CNSk ezarritako aldaketak ''ez dira nahikoa zentrala segurtasun maila onargarri batera eramateko; eta are gutxiago 17 urte gehiagoz''. "Garoña berriz martxan jarriko balitz ez litzateke baztergarria matxura berria egotea epe laburrean'', gaineratu du.
Raquel Monton Greenpeaceko bozeramaileak adierazi duenez, ez dago protokolorik prozesu luze honetarako. Montonen hitzetan, lehen aldia litzateke CNSk 40 urtetik gorako zentral baten egoera aztertu behar duena. Halaber, kritikatu egin du herritarrei galdetu ez izana.
Foro Nuklearra, pozik
Industria Nuklearraren Foroak poztasuna agertu da Nucleorren erabakiaren aurrean. Ohar batean azaldu duenez, Garoñak ekoiztutako elektrizitatea Espainiako ekoizpen nuklearraren % 6 da.