Ekonomia -

Zentral nuklearra

Garoñako zentrala berriro irekitzeko baimena eskatuko du Endesak

Baimen hori eskatu ostean, Segurtasun Nuklearreko Batzordeak hartuko du ireki ala ez inguruko erabakia. Izapideek uztailaren 6a baino lehen beteta egon behar dute.

Garoñako zentral nuklearra. EiTB
Garoña
Nuclenorrek Garoñako zentrala berriz zabaltzeko baimena eskatuko du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Borja Prado Endesako presidenteak astelehen honetan iragarri duenez, Garoñako zentral nuklearra (Burgos) berriro irekitzeko baimena eskatuko dute. Enpresak % 50eko eskumena du Iberdrolarekin batera, Nuclenor elkartearen bitartez.

Enpresa elektrikoaren akziodunen batzorde nagusiaren ostean, komunikabideei egin dizkien adierazpenean, Pradok esan du "neurri egoki" guztiak hartzen ari direla.

Ekitaldi berean, Andrea Brentan elektrikako kontseilari delegatuak azaldu duenez, Garoñaren itxiera arrazoi ekonomikoen ondorioz egin zen, eta oztopo nagusia, zentzu horretan, desagertu egin dela gaineratu du, gastatutako erregai nuklearra atzeraeragineko moduan zergapetzen duen zergaren harira.

Baimen hori eskatu ostean, Segurtasun Nuklearreko Batzordeak hartuko du ireki ala ez inguruko erabakia, zenbat denboraz, eta eskakizun eta inbertsio plan bat egitea egokituko zaio. Izapideek uztailaren 6a baino lehen beteta egon behar dute.

Plan horren arabera, Endesak eta Iberdrolak bideragarritasuna aztertuko dute, martxan jarri baino lehen.

Horren haritik, Garoñako zentrala irekitzeko epea zehaztea ekidin du Pradok.

Garoña, 2012 amaieratik geldituta

2009an, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak Garoñaren baimena luzatu zuen lau urtez, eta 2013ko uztailaren 6rako ezarri zuen ustiapenaren amaiera.

Halere, 2010eko uztailean, Mariano Rajoyren Gobernuak araudia aldatu zuen, eta Nuclenorri hainbat asteko epea eman zion, 2019ra arte jarduera luzatzea eskatzeko.

Nuclenorrek eskaerarik ez egitea erabaki zuen, arrazoi ekonomikoengatik, jarduten jarraitzeko inbertsioaren kostu altuarengatik, eta, batik bat, zergengatik. Zentrala 2012ko abenduan itxi zen.

Nuclenorreko iturriek iragarpena berri ontzat hartu dute, eta erabakia oraindik enpresa batzordea onartu ez dela azaldu dute, oraindik horretarako denbora geratzen dela gaineratuz.

Alderdi politikoen erreakzioak

Ramiro Gonzalez Arabako Batzar Nagusietako EAJko bozeramaileak "Garoña berriro irekitzea ahalbidetzeko legedia aldatzea" leporatu dio PPri astelehen honetan, zentral "zaharkitua" den arren.

Bestalde, Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari "Endesarekin eta Iberdrolarekin duen harremana haustea" eskatu dio, Garoñako zentral nuklearra "berriro irekiz gero".

Julio Villarrubia Gaztela eta Leongo PSOEko idazkari nagusiak azaldu duenez, Espainiako Gobernua, elektrikak eta Nuclenor enpresa "eskutik helduta" doaz Garoñako zentral nuklearra irekitzeko, Endesak baimena eskatuko duen erabakia jakin ostean.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea