Ekonomia -
Kutxabanken pribatizazioa
Donostiarrei kalte egitea egotzi dio Izagirrek Kutxabanki
Entitatea hartzen ari den erabakien aurrean "kezka" erakutsi du Donostiako alkateak.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak 'kezka' azaldu du Kutxabank hartzen ari den erabakien aurrean. Horren ustez, "donostiarrentzat kaltegarriak dira".
Donostiako Udala Kutxaren sortze bazkidea dela gogoratu du Izagirrek, eta Kutxabank "hartzen ari den norabidea" salatu du. Era berean, "entitatea esku pribatuetara ezin da igaro", adierazi du.
Kutxabankek Gizarte Ekintzaren helburuei eusteko eta Donostiarekin dituen "konpromisoak betetzeko" eskatu du. Horren harian, Kutxabank "azken ehun urteetan Kutxa izan dena izateko" eskatu du.
Donostiako alkatea "kezkatuta" agertu da, erakundea hartzen ari den erabakiek "donostiarrei kalte egiten dietelako". Horren adibide Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizeari "eustea", etxegabetzeak eta "etxebizitza publikoak birkalifikatzeko" eskariak aipatu ditu.
Kutxabankek "Donostiarekin dituen konpromisoak ez ditu betetzen", gaineratu du alkateak. "Ez ditu Tabakalerako urteko 1,6 milioi euroak ordaindu, ezta Victoria Eugeniako 175.000 euroak ere, eta Kursaalagatik ordaindu behar zituen 71.000 euroetatik 45.000 euro bakarrik ordaindu ditu. Eta hemendik aurrera 18.000 euro bakarrik ordainduko dituela esan du".
Gainera, "hiriari laguntzeko, Kursaala urtean 15 egunez uztea eginiko proposamena ere ez zuen onartu, nahiz eta haientzat ez zegoen kosturik".
Halaber, Kutxabank osatzen duten BBK, Kutxa eta Vital erakundeen batzar nagusietan "pribatizazioa ukatu zuten" eta "batzar nagusiak esaten duena bete behar da", gaineratu du. "Legeak Kutxabank pribatizatzera behartzea" ukatu du, eta ez dela zertan pribatizatu nabarmendu du.