Ekonomia -
Opor fiskalak
'Lurralde bakoitzak izandako erantzukizuna bere gain hartu beharko du'
Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatu ohiak esan du euskal erakundeek Finantzen Kontseilua deitu beharko dutela, Europako isuna nola ordaindu adosteko.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru Foru Aldundiek Finantzen Euskal Kontseilua deitu beharko dute, ‘opor fiskalen’ inguruan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezarritako isuna nola ordaindu erabakitzeko, Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatu ohiak azaldu duenez.
Eitb.com-i egindako adierazpenen arabera, “bidezkoena” Lurralde Historiko bakoitzak opor fiskalak bueltatzeko izan duen “erantzukizuna” bere gain hartzea litzateke. Izan ere, atzerapen hori izan da Europak ezarritako isunaren arrazoi nagusia.
Diputazio bakoitzak erantzukizun hori bere gain hartuko balu, Arabak “arazo izugarria” izango luke mahai gainean, diru-laguntzak Eurupara itzultzeko denbora gehien erabili zuen erakundea izan baitzen, Gonzalezen hitzetan.
Hala ere, euskal erakundeek isuna nola ordaindu adostu beharko dutela berretsi du eta, horretarako, Finantzen euskal Kontseilua deitu beharko dutela esan du. “Irtenbidea adostu egin beharko dute”, gaineratu du.
Gogoratu duenez, Espainiako Gobernuak 30 milioi horiek kenduko dizkio Euskadiri Kupoaren edota BEZa ordaintzeko hitzarmenen bidez.
Isuna aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela onartu du diputatu ohiak, baina zigor “garrantzitsua” dela goratu du. “Arabarentzat arazo handia izan liteke”.