Ekonomia -

Lehentasunezko akzioak

Bezero bati 35.000 euro itzuli beharko dizkio Laboral Kutxak

Gasteizko epaitegi batek finantza entitatearen aurkako epaia eman du, eta Eroskiren ekarpen subordinatuetan inbertitutako dirua itzuli beharko dio Laboral Kutxak argiketari bati.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko epaitegi batek Laboral Kutxaren kontrako epaia eman du, eta Eroskiren ekarpen subordinatuetan inbertitutako 35.000 euroak itzuli beharko dizkio Laboral Kutxak argiketari bati. Epailearen iritziz, ez da frogatuta geratu entitateak argi azaldu ziola bezeroari produktua betiko zela.

Eroskiren lehentasunezko akzioak erosteko kontratua 2007ko ekainaren 29an sinatu zuten bezeroak eta Laboral Kutxak. Dirua berreskuratzerik ez  zuela ikusita, bezeroak salaketa aurkeztu zuen 2011n. Sententziak kontratua bertan behera utzi du, eta bezeroari arrazoia eman dio.

Argiketaria den bezero horrek "ezagupen finantzario edo akademiko berezirik" ez zuela frogatutzat jo du magistratuak. Bezeroak mota horretako produktu "konplexu eta espekulatiborik" ordura arte sekula ez zuela kontratatu azaldu du epaileak. "Inbertitzailearen profila ez zen egokia", laburbildu du.

"Inbertitzaile minorista"

Bestalde, Eroskiren ekarpen subordinatuak mota guztietako inbertitzaileentzako produktuak izatea ukatu du epaileak; izan ere, "ezagupen konkretuak beharrezkoak" dira, eta kasu honetan bezeroak ez zuen horrelako prestaketarik: "Inbertitzaile minorista zen, ez espekulatiboa eta kontserbadorea".

Produktuaren baldintzak azaldu zizkion Laboral Kutxako langile batek bezeroari, eta horregatik kontratua sinatu zuen; izan ere, langile horrengan "konfiantza handia" zuen, beti aholkatu izan zuen eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea