Ekonomia -
Kutxabanken pribatizazioa
EAJk Kutxabank pribatizatu nahi duela errepikatu du ELAk
Bestalde, EAJk aurrezki-kutxak eta gizarte ekintza "batzoki bat bezala" kudeatu dituela salatu du LAB sindikatuak, "PSEren oniritziarekin eta PPrekin estrategia adostuz".
Erredakzioa
Kutxabank pribatizatu nahi dutela "asmatu" ez duela errepikatu du gaur ELA sindikatuak; izan ere, kapitalaren % 30 bakarrik aurrezki-kutxen eskuetan geratuko da. ELA pribatizazioaren aurka azaldu da berriro.
"Gizartearen ondarea" esku pribatuen eskuetan utzi nahi dutela ohartarazi zuen sindikatuak astelehenean. Horrela, Kutxabanken pribatizazioa "espoliazioa" izango litzatekeela salatu zuen ELAk.
Kutxabank "ezegonkortzeko kanpainan" ELAk ezker abertzalearekin "bat egin" duela esan zuen atzo EBBk. Bankuak "euskal finantza-entitatea izaten" jarraituko duela bermatu zuen EAJk.
Sindikatuak gaur erantzun eta bere jarrera berretsi du. ELAren hitzetan, "Kutxabank pribatizatu nahi dutela ez du sindikatuak asmatu. Aurrezki-kutxaren % 30 fundazioen eskuetan geratzea eta % 70 kapital pribatua izatea helburu zuela azaldu zuen Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak otsailean; gaur egun Kutxabanken kapitalaren % 100 aurrezki-kutxen eskuetan dago".
Kopuru horien aurrean, "Kutxabank pribatua da jadanik", bezalako argudioak balekoak ez direla azaldu du ELAk. "EAJk galdera bati erantzun behar dio: Kutxabankeko kapitalaren zer portzentaje utzi nahi du aurrezki-kutxen eskuetan? Agirian ez du ezer argitzen", gaineratu du sindikatuak.
LAB
Bestalde, EAJk aurrezki-kutxak eta gizarte ekintza "batzoki bat bezala" kudeatu dituela salatu du LAB sindikatuak, "PSEren oniritziarekin eta PPrekin estrategia adostuz".
"Aurrezki-kutxak hobiratu zutenak bezala historiara pasatuko dira eta ezin dute izaera publikoa eta soziala defendatzeko protesta egiten dutenen izen ona zikindu", adierazi du LABek agiri batean.
Sortu
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ELA sindikatuaren txartela apurtu eta Confebaskekin bat egin behar duela esan du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak, "elkarte hori defendatzen duelako".
Barrenaren hitzetan, "Kutxabanken pribatizazio prozesua martxan dagoela ukatzen duenean, Ortuzar gezurretan ari da; horregatik, pribatizazioa interes publikoaren kontrakoa dela salatzen dugunen kontrako erasoak oso larriak dira".
PP
EH Bilduk "pribatizazioak beti eta edozein erabakitan" ikusten dituela adierazi du Nerea Llanos Euskadiko PPko idazkari nagusiak.
Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaidetan, ezker abertzaleko koalizioaren kritikak okerrak direla argi geratu da orain arte, Llanosen ustez.