Ekonomia -

Ikerketa

Oregi: 'AHTaren adjudikazioak modu egokian egin ziren'

Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak adierazi du Jaurlaritzak ez daukala "kontrakoa pentsatzeko zantzurik".

Oregi: 'AHTaren adjudikazio guztiak modu egokian egin ziren'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura handiko trena (AHT) Euskadin egiteko adjudikazioak "modu egokian" egin zirela eta ezarritako baldintzak bete zituztela adierazi du gaur Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak. "Jaurlaritzak ez du kontrakoa pentsatzeko zantzurik", gaineratu du.

Gobernu bileraren ondorengo agerraldian, Oregik AHTa egiteko obren inguruko ikerketaren galderei erantzun die.

Guardia Zibilak goizaldeko bostetan amaitu ditu Adif enpresak Bartzelonan, La Sagrerako geltokian, duen egoitza miatzeko lanak, abiadura handiko trenaren lanetan ustez izan den ustelkeria kasua argitzeko miaketa hasi eta 24 ordura. Guardia Zibilak jakitera eman duenez, Yogui operazioa ez dute itxi oraindik, eta dagoeneko bederatzi pertsona atxilotu dituzte, tartean Adifeko bi goi-kargudun.

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak aurkeztutako kereila baten harian etorri da operazioa, eta enpresari behar zuena baino diru gehiago emateko Adifeko funtzionario publikoekin ados jarri ote ziren ikertzen ari dira.

Fiskaltzaren arabera, atxilotuek trenaren lanak egiteko prozesua faltsutu zuten, eta benetan egin zituztenak baino lan gehiago egin zituztela sinatu zuten, 6 milioi euroko diru-sarrerak lortzeko Corsan enpresarentzat.Corsan enpresa AHTaren lau zati egiten ari da Euskadin. Sailburuak azaldu duenez, beste enpresa batzuekin batera ari da Zizurkil-Andoain eta Tolosa-Hernialde tarteak egiten. "Iritsi zaizkigun albiste guztiak gertutik jarraitu ditugu, eta hemendik aurrera epaitegien aginduetara egongo gara". Hala ere, Jaurlaritzak ez du eskaririk jaso, eta, hortaz, "hemen egiten ari diren obretatik kanpo dagoen auzia da hau, orain arte jaso ditugun datuen arabera", azaldu du. "Prozedura judizial bat martxan da, eta errespetuz hartu behar dugu. Guk gardentasunez lanean jarraituko dugu, bai obren inguruan eta baita adjudikazioen inguruan ere", gaineratu du sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea