Ekonomia -
Polizia-operazioa
Hamar lagun atxilotuta orotara Adifen sarearen aurkako operazioan
Atxilotua Saudi Arabiatik Bartzelonara heldu berria zen atzeman dutenean; La Sagrera AVEko tarteko lanen burua da, eta hori da, hain justu, susmopean dagoena.
Erredakzioa
Guardia Zibilak hamargarren lagun bat atxilotu du gaur, asteartea, Bartzelonan, Bartzelonako AVEeko lanetan ustez aurrekontuak faltsutu eta sei milioi euro lapurtzeagatik Adifeko funtzionarioen sarearen eta enpresa baten kontra zabaldutako operazioaren baitan.
Auzitegietako iturriek esan dutenez, azken pertsona honen atxiloketa hiriburu kataluniarrean egin dute gaur goizean, atzotik zabaldutako operazioa dela eta, Bartzelonan eta Madrilen zenbait miaketa egin eta gero. Iturri berdinaren arabera, dagoeneko bost pertsona aske utzi ditu Guardia Zibilak, ustez irregulartasun horiekin harreman gutxiago izateagatik.
Atxilotua Saudi Arabiatik Bartzelonara heldu berria zen atxilotu dutenean; La Sagrera AVEko tarteko lanen burua da, eta hori da, hain justu, susmopean dagoena.
24 orduko miaketa
Guardia Zibilak goizaldeko bostetan amaitu ditu Adif enpresak Bartzelonan, La Sagrerako geltokian, duen egoitza miatzeko lanak, abiadura handiko trenaren lanetan ustez izan den ustelkeria kasua argitzeko miaketa hasi eta 24 ordura.
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak aurkeztutako kereila baten harian etorri da operazioa, eta Adifeko funtzionario publikoekin enpresari behar zuena baino diru gehiago emateko ados jarri ote ziren ikertzen ari dira.
Fiskaltzaren arabera, atxilotuek trenaren lanak egiteko prozesua faltsutu zuten, eta benetan egin zituztenak baino lan gehiago egin zituztela sinatu zuten, 6 milioi euroko diru-sarrerak lortzeko Corsan enpresarentzat.
Bruselak ez daki bere dirua erabili ote den
Siim Kallas Europako Batzordeko presidenteordearen esanetan, ikertu egin behar da abiadura handiko trenaren lanen harira ustelkeriarik izan den, baina oraindik ez omen dakite Europar Batasunak lan horiek egiteko emandako dirua ote den bidegabe erabili dena.
"Ustelkeria oso txarra da, baina oraingoz ez dugu informaziorik Europar Batasunak emandako funtsetako dirua dela pentsatzeko", azaldu du.