Ekonomia -
Balantzea
EH Bildu: 'Urkulluk Konstituzioan urtu nahi du erabakitzeko eskubidea'
Joseba Permach eta Rebeka Ubera EH Bilduko ordezkariek Urkulluren Gobernuaren 500 egunen balantzea egin dute. Urkullurena “porrot baten kronika” izaten ari dela adierazi dute.
Erredakzioa
EH Bildu koalizioaren ustez, Iñigo Urkullu lehendakariak “norabidea galdu zuen” erabakitzeko eskubidea “urtzeko” Espainiako Konstituzioa marko legaltzat aldarrikatu zuenean.
Donostian egindako agerraldian, Joseba Permach eta Rebeka Ubera EH Bilduko ordezkariek Urkulluren Gobernuaren 500 egunen balantzea egin dute. Urkullurena “porrot baten kronika” izaten ari dela adierazi dute, eta azken egunetan “propaganda hutsa” egitea leporatu diote lehendakariari.
Hego Euskal Herrian 178.000 langabe dagoela eta Bizkaiko eta Arabako langabezia-datuak txarrak izan direla gogoratu dute. “Langabeziaz gainera, pobrezia ere gero eta handiagoa eta agerikoagoa da. Herritarren %20 daude pobrezia egoeran erortzear; hau da, 435.000 pertsona”, gaineratu dute.
Koalizioaren esanetan, Urkulluk gidatzen duen Gobernuaren “politika okerren ondorio” dira langabezia eta pobrezia. “Austeritatea, murrizketak eta lan prekaritatea dakarten politikak indarrean jartzen ari da, eta bistakoa da horrek langabezia eta pobrezia handiagoa dituela ondorio”. Urkullu Madrilek ezarritako politikak jarraitzera mugatzen dela esan du Permachek.
Horrez gain, Jaurlaritzak AHTa egiteko 336 milioi euro bideratuko dituela gogoratu du Permachek, “nahiz eta tren hori inora ez joan, eta nola mantenduko dugun jakin ez arren”. “Bien bitartean, murrizketak egin ditu ongizate estatuaren bi oinarri nagusietan: hezkuntzan eta osasun sisteman”, salatu dute.
Horregatik, EH Bilduren ustez, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalekin “bestelako neurriak adosteko eta garatzeko ordua da”.
“Burujabetzaren unea da. Gure bide propioa egin behar dugu, euskal gizartearen beharretara eta ehun sozial, ekonomiko eta produktibora egokitutakoa”, esan du Permachek. “Bete-beteko burujabetza da bide bakarra. Euskal gizarteari bestelako eredu ekonomiko eta soziala eraiki ahal izateko tresnak ematea” esanez amaitu dute.