Ekonomia -

Maiatzaren Lehena

Eredu ekonomikoa aldatzea exijitu diote ELAk eta LABek Jaurlaritzari

'Txiki' Muñozek esan du "gezurra" dela krisitik ateratzen ari garela eta Ainhoa Etxaidek bi sindikatuen arteko elkarlanaren alde egin du, lehendakaria neurri ekonomiko ezberdinak hartzera behartzeko

ELAk Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EITB
ELAk Bilbon egindako manifestazioa.
ELAk borrokari eutsiko diola aldarrikatu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio "konfrontazioari" eta "antolakuntzari" eutsiko diola; izan ere, "gezurra da krisitik ateratzen ari garela eta horren erakusgarri da gure jendea gaizki pasatzen ari dela", erantsi du.

ELAk 'Gure eskubideen alde, kalera. Antolakuntza eta borroka' lelopean egin du manifestazioa Bilboko kaleetan eta bertan milaka lagun elkartu dira.

'Txiki' Muñozek gogor kritikatu ditu agintari politikoek indarrean jartzen ari diren neurri ekonomikoak. Espainian "atzeraldi antidemokratikoa" ematen ari dela salatu du eta Euskadin borondaterik ez dagoela kritikatu du. "Ibarretxe Plana zaplaztekoa izan zen, Kataluniako Estatutua ezerezean utzi zuten eta orain –Legebiltzarrean- talde parlamentario bat jarri dute abian, emaitza bera izango dela jakin arren", deitoratu du.

Gauzak horrela, Muñozek berretsi egin du ELAk ez duela Jaurlaritzak proposatzen duen elkarrizketa sozialean parte hartuko, "mugimendu sindikala kaiola batean sartzea" litzatekeelako. Ildo horretan, esaterako, Kutxabanken pribatizazioaren aurkako kanpaina bat hasiko dutela iragarri du eta alde ezberdinek konpartituko duten "mobilizazio handi bat" izango dela espero du.

Testuinguru honetan, oztoporik handiena sindikatu abertzaleen artean aliantzarik ez egotea dela aitortu du. "Baina aliantzak egiteko autonomia politikoa behar da", azpimarratu du LAB sindikatuari zeharka aipu eginez.

"Helburua posizio politikoak indartzea bada, gai sindikalak eta sozialak alboratuta, gu ez gara egongo; eta hori penagarria litzateke, benetan nahi dugulako aliantza bat egotea", erantsi du.

Erabateko aldaketa exijitu dio LABek Jaurlaritzari

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak esan du euskal gizarteak behar dituen politika ekonomikoak Jaurlaritzarekin elkarrizketa soziala izanda lortzea ezinezkoa dela eta ELArekin elkarlanean aritzearen alde egin du, Iñigo Urkullu lehendakaria eredu ekonomikoa aldatzera behartzeko.

LAB sindikatuak Bilbon egin duen manifestazioan izan da Etxaide. Milaka langilek egin dute bat 'Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan' lelopoa egindako martxan.

"Datu ekonomikoak izugarriak dira, gizartea larrialdi egoeran dago eta orain arte hartutako neurriek krisia areagotu dute", deitoratu du Etxaidek.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak norabidea erabat aldatzen ez badu, "elkarrizketa sozialari berriro heltzea ezinezkoa izango da", ohartarazi du. "Eraldaketaren aldeko apustua egiten badugu, eraldaketa hori ez da egun Jaurlaritzak hartu dituen neurrien inguruan eztabaidatuta", erantsi du.

Etxaidek uste du Jaurlaritza bere ekonomia eredua aldatzera behartu behar dela eta horretarako ezinbestekotzat jo du ELA sindikatuarekin elkarlanean aritzea.

Horrez gain, langileek benetako protagonismoa izan behar dutela adierazi du. "Langileek erabakietan parte hartu behar dute eta, ildo berean, Euskal Herriak marko politiko propio bat aukeratzeko eskubidea gauzatu behar du", azaldu du.

Iñigo Urkullu lehendakariak krisiaren aurrean eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen harira duen jarrera ere gogor kritikatu du.

"Iruzurra egiten ari da krisia gainditu arte estatus politikoaren eztabaidari  heldu ezin zaiola esanda. Irizpide hori jarraituta langileoi erabaki ekonomikoetan parte hartzeko eskubidea ukatzen zaigu", esan du.

Bestalde, krisiari aurre egin beharrean, "Kutxabank pribatizatzea, lan-erreforma ezartzea edo sektore publikoa pribatizatzea" bezalako neurriak hartu izan kritikatu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea