Ekonomia -
Enplegu deialdia
Deialdiak lanpostuak suntsituko dituela salatu dute langileek
Eusko Irratiko langileen esanetan, EiTBren Administrazio Kontseiluak onartutako enplegu deialdia "ezkutuko enplegu erregulazio espedientea" da.
Erredakzioa
EiTB taldearen irrati-kateetako langileek Administrazio Kontseiluak onartutako enplegu deialdi publikoaren aurka egin dute. Izan ere, "ezkutuko enplegu erregulazio espedientea" dela eta "79 langile kaleratzea" ekarriko duela salatu dute. Horien esanetan, "EiTBn inoiz izandako murrizketarik handiena" izango da.
EiTBren Administrazio Kontseiluak atzo onartu zuen enplegu deialdia, EAJk, EH Bilduk, LAB sindikatuak, Eusko Ikaskuntzak eta Maite Iturbe zuzendari nagusiak alde bozkatuta. Hain zuzen ere, 49 lanpostuko deialdia egin du, kontratu "mugagabe ez finkoa" duten 79 langile "behin betiko erregularizatzeko", zuzendaritzaren esanetan.
79 langile horien kontratuak legez kanpokoak zirela ebatzi zuen Lan Ikuskaritzak 2010. urtean, eta, Eusko Irratia Kaleratzeak kolektiboak gogorarazi duenez, ikuskariek eurek "erregularizatu" zituzten orduan.
Hori dela eta, 49 lanpostuko deialdia "ezkutuko enplegu erregulazio espedientea" dela eta "enplegua suntsitzea" ekarriko duela salatu dute kaltedunek. "[49 lanpostuko] kopuru hau ez da aski gaur egun dugun eta egiten den irrati publikoaren modelorako", ohartarazi dute.
Agiri batean, langileek "lanpostuak suntsitzea babestu izana" leporatu diote LAB sindikatuari, eta "harridura" agertu dute EH Bilduk "langileen aurkako botoa" eman duelako eta EAJ eta Eusko Jaurlaritza "lan publikoaren suntsiketan gorengo lekuetan" jarri direlako.
Kaltedunek elkarretaratzea egin zuten atzo EiTBren egoitza nagusian, Bilbon, eta auzitara joko dutela aurreratu dute. Gainera, mobilizazioak eta lanuzteak abiatzeko deia egin diete sindikatuei.