Ekonomia -

Enplegu eta Susperraldi plana

Enplegu publikoa eta ekonomikoa sustatzea eskatu dute sindikatuek

Euskadiko sindikatu nagusienetako ordezkariak Jaurlaritzan izan dira eta Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean parte hartu dute.

LAB sindikatuko Oihan Ostolaza, Enplegu Planaren inguruan. Argazkia: EFE
Oihan Ostolaza LAB EFE
LAB sindikatuko Oihan Ostolaza, Enplegu Planaren inguruan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu publikoa sortzeko eta pizgarri ekonomikoen bidez ekonomia bultzatzeko eskaera luzatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari, krisitik atera eta langabezia tasak murrizte aldera.

Euskadiko sindikatu nagusienetako ordezkariak Jaurlaritzan izan dira eta Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean parte hartu dute. Urtarrilaren 28an Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2014-2016 Esparru Programaren inguruko iritzia azaldu dute.

Sindikatu guztiek Jaurlaritzaren jarrera kritikatu dute. Diotenez, agente sozialen iritzia aintzat hartu gabe prestatu du Jaurlaritzak txostena. Era berean, Euskadiko langabezia datuak hobetzeko ekonomiaren ikuspegi zabala izatearen alde agertu dira.

Kalitatezko enplegua sustatzeko eta ekonomiari bultzada emateko administrazio publikoaren parte hartzea defendatu dute, eta austeritate politikak alde batera uzteko eskatu.

ELA sindikatuko Janire Landaluzek aurreko planei “jarraikortasuna” ematen dion programa izatea deitoratu du. “Autoenplegua bezalako konponbideek gizarte bakartiagoa sortzen dute, eta horrek kohesio soziala apurtzen du”, azpimarratu du. Langabeziari erantzuna emateko plana ez dela errealista gaineratu du.

Oihan Ostolazak, berriz, LAB sindikatuko enplegu politikarako idazkariak, Jaurlaritzak emandako erantzuna kritikatu du. “Emergentzia soziala egonda, Jaurlaritzak ez du erantzun egokia eman, eta prentsako izenburuak lortzeko helburua besterik ez du izan aurkeztutako planarekin”, esan du. Gaineratu duenez, planak langabeziari aurre egiteko “partxe” bat da.

UGT-Euskadiko Felipe Garciak dioenez, “Enplegu Plana inposaketaren ondorio da, ez baita sindikatuekin zehaztu eta ez baitu politika ekonomikoa aldatzeko balio”.

CCOOtik ere Jaurlaritzak sindikatuen iritzia aintzat hartu ez izana kritikatu dute. Lola Garciak gaineratu duenez, “Jaurlaritzak ahaztu egin du zuzenbide-estatu batean enplegu publikoak duen garrantzia”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea