Ekonomia -
Fagorren Krisia
Fagor markaren salmenta 'dezente zaildu' dela esan du Tapiak
Sailburuaren hitzetan, Estatuko Abokatutzak 'ez du ondo neurtu' asteon egin duen gomendioa, eta prozesua gaiztotu baino ez duela egin esan du.
Erredakzioa
Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak esan duenez, Fagor Etxetresnen markak Cevitali saltzearen kontra, asteon, Estatuko Abokatutzak esandakoak eta epailearen txostenak dezente gaiztotu dute egoera eta salmentarako prozesua zaildu egin da.
Donostian eskaini duen prentsaurrean, Tapiak adierazi du Fagorren salmenta prozesua fase "are konplexuago" batean sartu dela, orain, pilota Cevitalen teilatuan dagoelako; 25 milioi euro eskaintzen zituen enpresa aljeriarrak Fagorren marken (Fagor Ireland Brandt, Dietrich, Vedette, Sauter eta Easycook) truke . Fagor Etxetresnaken hartzekodunen konkurtsoa daraman Donostiako Merkataritza Arloko 1 zk.ko Epaitegiak 35 milioi eskatu zituen atzo kaleratuko autoan. Beraz, operazioa "asko konplikatu" dela aitortu du sailburuak. Malagon epaileak autoan azaldu zuenez, talde aljeriarrak aurkeztutako eskaintza ez du bere horretan onartzen, baina "baimena ematen dio eskaintza baldintza berberetan baina hobetuta egiten badu".
"Estatuko Abokatutzak gomendioa eta proposamena mahai gainean jarri duenean ez du ondo neurtu ze gerta daitekeen horren ondorioz", esan du. Idatzia ez dela "egokia" esan du, "ez hainbeste edukiagatik, moduagatik" baizik; sailburuaren aburuz, Abokatutzaren dokumentuan hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresen izenean hitz egiten da, enpresa horiekin hitzik egin gabe. Horrek operazioa "arriskuan" jarri duela esan du. Itxaropenik galdu gabe, lanean jarraitu behar dela esan dun Tapiak, ahalik eta irtenbide egokienaren bila.
"Malgutasunez jokatu behar dugu denok. Irtenbide on bat bilatu behar dugu. Irtenbide on bat ez da guztia ixtea eta pikutara bidaltzea. Konponbidea posible dela pentsatzen dugu. Orain, Jaurlaritzari Frantziarekin eta Espainiarekin elkarlanean emaitza on bat lortzea dagokio", gaineratu du.