Ekonomia -

Jaurlaritza-Sindikatuak

ErNE eta ELA Ertzaintzaren negoziazio mahaitik altxatu dira

''Inposaketak'' eta negoziaziorako ''borondate falta'' salatu dute. Segurtasun Sailak akordioa lortu du ESAN eta CCOO sindikatuekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak akordioa lortu du ESAN eta CCOO sindikatuekin, ostegun honetan Erandion deitu duten Ertzaintzaren negoziazioa mahaian. ErNE, ELA eta SIPE sindikatuak, ordea, mahai horretatik altxatu dira, hitzordua hasi era berehala.

ErNE

ErNEk azaldu duenez, Segurtasun Sailaren ''inposaketek'' bultzatuta altxatu da negoziazio mahaitik. Sindikatuaren arabera, ''edukirik gabeko'' hitzarmenaren negoziazioak abiatu ditu Jaurlaritzak; halaber, ezarritako egutegiak ''akordioak haustu eta txandak aldatzen ditu, eta, askotan, soldata murrizketa ere badakar''.

Elkarretaratzea deitu dute hilaren 31rako, Legebiltzarraren aurrean, Ertzaintzaren defentsan.

ELA

Segurtasun Sailak ertzainen lan-baldintzak negoziatzeko borondaterik ez duela egiaztatu ondoren altxatu da ELA mahaitik, sindikatuak azaldu duenez. ''Inposaketa'' salatu eta Segurtasun Sailak akordiorik nahi ez duela adierazi du, eta mobilizazioen alde azaldu da sindikatua.

Ohar batean adierazi duenez, Segurtasun Sailak ''bere egin'' ditu Rajoyren neurriak, ''mantsotasun osoz''; halaber, azpimarratu egin du azken urte erdian agenteen eskubideek ''txarrera'' egin dutela, ''alde bakarreko''erabakien ondorioz.

Zehazki, soldata murrizketak eta lan-eskubideen galera aipatu ditu sindikatuak (bajak, 35 orduak, aukera askeko egunak, antzinatasuna, Itzarri...). ''Ultra-flexibilitatea arau duen Ertzaintza-eredu berria inposatzeak'' lanpostuetan dakartzan aldaketak ere salatu ditu ELAk.

Bestalde, ''murrizketa zorrotzetan'' oinarritutako ikerketa eredu berria inposatu izanak ''antolaketan kaosa'' eragin duela azpimarratu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak