Ekonomia -
Krisia Fagorren
Fagorrek berehala eskatuko dio epaileari behin betiko likidazioa
Zuzendaritzak aste honen amaieran edo datorrenaren hasieran aurkeztuko du Donostiako merkataritza arloko epaitegian enpresaren behin betiko likidazioaren eskaera.
Erredakzioa
Fagor Etxetresnakeko zuzendaritzak aste honen amaieran edo datorrenaren hasieran aurkeztuko du Donostiako Merkataritza Arloko 1. zk.ko Epaitegian enpresaren behin betiko likidazioaren eskaera, hartzekodunekin akordio batera iritsi ezin ostean. Likidazio epean sartu ostean, kooperatibaren zati bat edo osoa eskuratzeko interesatuta dauden balizko erosleek eskaintzak aurkeztu ahal izango dituzte.
Europa Pressi egindako adierazpenetan, Mondragon taldeko kooperatibako iturriek azaldu dutenez, "Fagor Etxetresnaken egoera oso konplexua da, eta oso zaila zen hartzekodunekin akordio batera iristea; beraz, ez zaigu bide honetatik joatea besterik geratzen".
Mugimendu honek Fagor Etxetresnaken negozioen zatiak erosi ahal izateko eskaintzak aurkeztea ahalbidetuko du.
Orain arte, Cevital Aljeriako multinazionalak 25 milioi euro eskaini ditu Fagor Ireland Brandt, Dietrich, Vedette, Sauter eta Easycook markak erosteko.
Aljeriako konpainiaren beste eskaintza globalago batek Fagorrek Frantzian, Polonian eta Espainian dituen aktiboak jasoko lituzke bere barnean, eta Europako taldearen "birgaitzea" eragingo luke, Frantzian 1.200 lanposturi eustea eta Polonian eta Espainian 300 sortzea aurreikusi baitu.