Ekonomia -

Mendeko ekarpenak

Eroski eta BBVA, desadostasunak konpondu ezean epaitegietarako bidean

Eroskik adierazi duenez, mendeko ekarpenei buruzko azken autoak absolbituta uzten duela berretsi du, eta ez duela BBVAk merkatuan jarritako finantza produktuagatik dirurik itzuli behar esan du.

Mendeko ekarpenen epaiketa. Argazkia: EiTB
Mendeko ekarpenen epaiketa. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marcos Bermudez Bilboko 1 zenbakiko Merkataritza arloko Epaitegiko epailearen ustez, Eroskik eta BBVAk mendeko ekarpenak merkaturatzeagatik izandako desadostasunak konpondu beharko dituzte, eta, hala egin ezean, epaitegietara jo beharko dute auzia konpontzera.

Bermudezek urtarrilean emandako epaia argitzeko bigarren autoa ezagutzera eman du. Orduan dirua itzultzeko zigorra ezarri zion BBVAri, Bankuen Erabiltzaileen Elkarteko (Adicae) 68 pertsonak jarritako salaketaren ostean.

Epai hartan, epaileak Eroskiren ekarpenen erosketa kontratu guztiak baliogabetu zituen, BBVA ekarpenen komerzializatzailea zigortu zuen, produktu horien dirua itzultzera, eta Mondragon elkarteko enpresa kooperatiboa absolbitu zuen.

Halere, BBVAk epaia argitzea eskatu zion epaileari, gutxiengo bezeroei dirua nork itzuli behar zien jakiteko, eta otsailaren 26an epaileak azaldu duenez, "Eroskik izan behar du baliogabetasunaren eragina jasan" behar duena, eta "BBVAri zorra izateagatik jasotako kopurua itzuli" beharko liokeela adierazi zuen.

Geroago, Eroskik azalpen gehiago eskatu zizkion epaileari, hasierako epaian eta geroago epaia argitzeko zabaldutako azalpenean mendeko ekarpenen dirua itzultzeko obligaziorik ez ziola ezartzen ulertuta.

Bermudez epaileak emandako auto berriaren arabera, bankuko bezeroek egindako inbertsioen itzulketagatik "BBVAren eta Eroskiren arteko desadostasunak interesei begira akordioak eta itunak bilatuz edo epaitegietara joanez" konpondu beharko dituzte.

Eroskik absolbituta dagoela esan du, eta ez duela dirurik itzuli beharrik

Eroskik adierazi duenez, mendeko ekarpenei buruzko azken autoak absolbituta uzten duela berretsi du, eta ez duela BBVAk merkatuan jarritako finantza produktuengatik dirurik itzuli behar gaineratu du.

Azken autoan, aurreko azalpenetan esandako bera esan du epaileak, Eroskiren hitzetan, BBVAren aurkako "zigor-epaia berretsiz". Azken hori izango da bezeroek mendeko ekarpen horietan sartutako dirua itzuli beharko duena, jasotako interesak kenduta.

Eroskik azaldu duenez, epaia ezin da aldatu epailearen osteko azalpen bategatik; ondorioz, epaitutakoa "erakunde komerzializatzailearen aurka soilik zuzendu" daitekeela gaineratu du, hau da, BBVAren aurka.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroski azken ordukoak