Ekonomia -

GOI-BILERA EKONOMIKOA BILBON

Lagardek hainbat zeregin agindu dizkio Espainiari

Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak "ausardia" eskatu du, murrizketa gehiago egiteko.

Bilboko foro ekonomikoaren parte-hartzaileak. EFE
Bilboko foro ekonomikoaren parte-hartzaileak. EFE
Christine Lagardek erreformak beharrezkoak direla esan du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko agintari ekonomikoak Bilbon dira astelehen honetan, Global Forum Spain 2014 goi-bileran parte hartzeko, Guggenheim museoan.

Hainbat buruzagik hartuko dute parte ekitaldian egun osoan, hala nola Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendariak, Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak, Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehiarako komisarioak, Juan Carlos I.a Espainiako erregeak eta Iñigo Urkullu lehendakariak. Foroa 19:30ean bukatuko da.

Bien bitartean, milaka pertsona kalera atera dira, ELA eta LAB sindikatuek deituta, "Troika, Go Home" lelopean. Martxa baketsua izan da, baina, une batean, hainbat kaputxadun agertu dira eta istilu oso larriak eragin dituzte. Sindikatuek arratsaldean egingo dute gertakari horien balorazioa.

Foro ekonomikoan egindako agerraldian, Espainia hazkundera itzuli dela goratu du Lagardek. "Albiste onak datoz Espainiatik, baina hobeak izan zitezkeen", esan du.

Horregatik, "etxeko lan gehiago" jarri dizkio Espainiari: lan erreforma sakontzea, langileek eragiten dituzten kostuak jaisteko; defizit publikoa murriztea eta zerbitzuak pribatizatzea.

"Espainia atzeralditik atera da, baina ez krisitik", gogorarazi du.

Bestalde, Euskadin kudeaketa publikoa "txalotzeko modukoa" dela nabarmendu du.

Juan Carlos erregea: "Asko dago egiteke"

Goi-bilera Juan Carlos I.a Espainiako erregeak inauguratu du. Horren esanetan, Espainia hazkundearen bidean dago jada, baina, hala ere, "asko dago egiteke", eta langabeziaren aurkako borroka jarri du horren adibide.

Espainiako estatuburuaren ustez, 2014.a urte garrantzitsua izango da Europan, susperraldia "indartzen" ari baita.

Horren ildotik, 2008ko krisiaren ostean, Europako agintariek ekonomia egonkortzeko eta hazkunde oinarriak indartzeko neurriak hartu dituztela azaldu du.

"Egia da zailtasunak ez direla desagertu, baina orain duela bi urte baino hobeto gaude", esan du.

Iñigo Urkullu lehendakariak egin dio harrera erregeari, Guggenheim museoan.

Dijsselbloemek "ausardia" eskatu du

Bestalde, Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak hazkunde iraunkorra lortzeko bide bakarra "ekonomiak modernizatzea" dela ohartarazi du, eta, hori dela eta, "ausardia" eskatu die agintariei, murrizketa gehiago egiteko.

"Ausardia beharrezkoa da, [boto-emaileak] murrizketa gehiago egitea beharrezkoa dela sinetsarazteko", azpimarratu du. Hori horrela, ongizate estatua desegitea baino gehiago, ongizate estatua "sostengatzen" ari direla esan du.

Dijsselbloemek kezka agertu du, Espainiako gazteen artean langabezia oso handia delako.

Eurotaldeko presidentearen esanetan, zor publikoa murriztu beharra dago, hazkundea iraunkorra eta indartsua izan dadin.

Urkulluk pertsonengan oinarritutako ekonomia eredua aldarrikatu du

Iñigo Urkullu lehendakariak ere hitz egin du ekitaldiaren inaugurazioan, eta, hitzaldian, "pertsonengan oinarritutako eredu ekonomikoa" aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea