Ekonomia -

GOI-BILERA EKONOMIKOA BILBON

Lehendakariak pertsonengan oinarritutako ekonomia eredua defendatu du

"Lehen erreskatatu zituzten banketxeak erreskatatzaile bihurtzeko unea heldu da", azpimarratu du Iñigo Urkulluk goi-bilera ekonomikoaren hasiera-ekitaldian.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Espainiako Erregea. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Espainiako Erregea. EFE
El lehendakari defiende un modelo económico humano y solidario

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak nazioarteko ekonomia agintarien aurrean egin duen agerraldian, "pertsonengan oinarritutako eredu ekonomikoa" aldarrikatu du, "eredu humanista eta solidarioa".

Lehendakariak Bilbon egiten ari diren goi-bilera ekonomikoaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du. Besteak beste, Espainiako erregea, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria eta Mariano Rajoy izango dira foroan, besteak beste.

Urkulluk Euskadi definituz hasi du hitzaldia, eta horretarako lau ideia aipatu ditu. Lehendabizi, Euskadi industrian eta enpresan oinarritutako herria dela esan du. Ondoren, euskal kontzertu ekonomikoa babestu du eta, askotan zalantzan jarri izan arren, 1876an ezarri zutela gogoratu du. Hirugarrenik, euskal ekonomiaren ezaugarrietako bat kanpoko sektorea dela adierazi du. "Inoiz baino esportazio gehiago izan dira aurten, eta atzerriko inbertsioa jaso duen bigarren erkidegoa izan gara Estatuan". Azkenik, ETAren jarduera armatua betiko amaitu izanak garai berri baten hasiera eragin duela nabarmendu du. "Bakea eta elkarbizitza eraikitzeko garaian gaude, eta horrek Euskadik atzerrian daukan irudia hobetzea dakar. Inbertsioan, hazkundean eta enpleguaren sorreran eragina izango du garai berriak", azaldu du.

Bestalde, ekonomia produktiboa finantza-espekulazioaren gainetik izan behar dela azpimarratu du Urkulluk. "Pertsonengan oinarritutako ekonomia-eredua posible da", esan du.

"Moneta eta finantza jarioa ekonomia errealaren produkzioaren ahalmena baino ehun aldiz handiagoa da. Finantza merkatuaren tirania oso boteretsua da, eta kontrolik gabe, belaunaldi ezberdinen esfortzuari esker Europan lortutako ongizatea arriskuan dago", ohartarazi du.

Hiru konpromiso

Ekonomia eredu sozialagoa eta lehiakorragoa izateko bidean, hiru konpromiso hartzea ezinbestekotzat jo du.

Lehen konpromisoa susperraldia lortzeko pizgarri politikak ezartzea litzateke. Urkulluk adierazi du azken bost urteotan murrizketak egin direla eta horrelako neurriak ezin daitezkeela "betiko bihurtu", gizartearentzat jasanezinak direlako.

"Atzeraldiaren inflexio-puntua gaindituta, politika ekonomiko dinamikoagoa egiteko unea iritsi da. Produkzioa, inbertsio arduratsua eta kontsumoa bultzatu behar dira. Pizgarriak alboratzen baditugu eta aurreztearen paradoxan erortzen bagara, atzeraldi berri batean murgiltzeko arriskuan izango gara", azaldu du.

Bigarren konpromisoa banketxeei buruzkoa da. Urkulluk gogora ekarri du azken urteotan inbertsio handiak egin direla banketxeak erreskatatzeko, baina orain finantza-erakundeek kontrapartidak emateko ordua dela esan du. "Azken urteotan jaso duten laguntza publikoaren zati bat itzultzeko unea iritsi zaie, ekonomia kredituaren bitartez koipeztuz", nabarmendu du.

Lehendakariak babestu egin du duela bi urte Europako Batzordeak banku-transakzioei tasak ezartzea erabaki izana.

Hirugarren konpromisoa gazteen langabezia-tasari lotuta dago. Gazteek enplegua izatearen garrantzia azpimarratu du.

Laburbilduz, "ekonomia erreala eta produktiboaren aldeko neurri pizgarriak abian jartzea, enpresentzako finantzazioa bideratzea eta gazteak lan-munduan modu eraginkorrean sartzea beharrezkoa da", erantsi du.

"Hazkunde eta garapen eredu humanoagoa defendatu behar dugu. Banketxeen erreskaterako erabili dugun indarra enpleguaren erreskaterako baliatu behar dugu orain", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea