Ekonomia -
Lan-gatazka
Istiluak izan dira Bizkaiko Anbulantzien bosgarren greba egunean
Zazpi anbulantziari gurpilak zulatu eta pintadak egin dizkiote. Bizkaiko Anbulantziak enpresak Bilbon duen bulegoan, berriz, kristalak puskatu dituzte.
Erredakzioa
Bizkaiko anbulantzien alorreko langileek bosgarren greba eguna dute gaur. Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, istiluak izan dira bart Bilbon, Barakaldon eta Mungian. Antza, sindikatuetako piketeek gaur lanean ari ziren hainbat anbulantziaren gurpilak zulatu dituzte, pintadak egin dituzte eta bulegoetako kristalak apurtu. Goizaldean izan dira istiluak, 05:00ak eta 09:00ak bitartean.
Orotara zazpi anbulantziari egin dizkiete kalteak, Gurutzetako Ospitaleko atarian aparkatuta zegoen bati, besteak beste. Bizkaiko Anbulantziak enpresak Bilbon duen bulegoan ere kalteak izan dira; antza, kristalak apurtu dituzte. Ertzaintzaren arabera, oraingoz, ez dute inor atxilotu istiluekin lotuta.
LSB-USO, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dute greba. Otsailaren 14an egin zuten lehen lanuztea eta gaurkoa bosgarrena da. Martxoaren 3rako eta 5erako ere deituta dituzte greba egunak. Estatuko hitzarmena bertan behera uztea eta lurraldeko hitzarmena berriro ezartzea eskatzen dute sindikatuek. Estatuko hitzarmenarekin % 20 jaitsi diete soldata anbulantzietako langileei. Gatazkaren konponbidean parte hartzeko eskatu diete sindikatuek Eusko Jaurlaritzari.