Ekonomia -

Akordiorik ez Ganberan

Eroskiren mendeko ekarpenek zatiketa eragin dute Legebiltzarrean

Talde parlamentarioek ez dute adierazpen bat adostea lortu.

Kaltedunen protesta bat, Durangon. EiTB
Kaltedunen protesta bat, Durangon. EiTB
Kaltedunen protesta bat, Durangon. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak ez du Eroskiren eta Fagorren mendeko ekarpenei buruzko adierazpen bat adostea lortu, talde parlamentarioek jarrera kontrajarriak agertu dituztelako.

Eztabaida PSE-EEk eta UPyDk proposatu dute, eta hiru testu izan dira aztergai: bi alderdi horiek aurkeztutakoa eta EH Bilduk eta EAJk egindakoa. Dena dela, hirurek porrot egin dute, ez delako akordiorik egon.

Batik bat, Kontsumobidek mendeko ekarpenen auzian izan duen jarrera izan da eztabaidagai Legebiltzarrean.

Hori horrela, EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk kritikatu egin dute Kontsumobidek Eroskiren proposamena babestu izana, baina EAJk babestu egin du Kontsumoko Euskal Institutuaren zeregina.

Hain zuzen ere, zorraren % 70 baino ez ordaintzea proposatu die Eroskik kaltedunei: % 15 eskudirutan eta % 55 hamabi urterako bonoetan.

Horren ildotik, proposamen hori babesten badu, Jon Darpon Osasun sailburua gaitzestea eskatuko duela ohartarazi dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari.

PSE-EEk eta UPyDk adostutako testuak "honelako iruzurretan esku hartzeko" eskatzen zion Balore Merkatuko Batzorde Nazionalari (CNMV).

Bi alderdi horiek ere Darponen aurka egin dute, kaltedunek duten bide bakarra auzibidea dela esateagatik. Halaber, kaltedunak artatzeko zerbitzu bat sortzea eskatu diote Jaurlaritzari.

Gorka Maneirok (UPyD) eta Txaro Sarasuak (PSE-EE) kaltedunak defendatzeari uko egin izana egotzi diote Gasteizko Gobernuari.

Igor Lopez de Munain (EH Bildu) legebiltzarkideak koalizio abertzalearen testua babestu du, eta, hilabete bateko epean, kaltedunek abiatutako ekimen judizialei estaldura emateko kanal bat sortzea eskatu diote Exekutiboari.

EAJren aldetik, Luis Javier Telleria Kontsumobideren eta Osasun sailburuaren alde agertu da, eta "zuhur" jokatu dutela nabarmendu du. Gainera, gai honen inguruko erabaki judizialak "arraroak" izaten ari direla adierazi du.

Anton Damborenearen (PP) ustez, mendeko ekarpenen salmenta ez da "iruzurra" izan, baina aitortu egin du balitekeela erosle batzuek arriskuen berri jaso ez izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroskiren albisteak