Ekonomia -
Plan estrategikoa
Turistak hartzen dituzten etxebizitzak arautuko ditu Jaurlaritzak
Turistak hartzen dituzten etxebizitza partikularrak ostatu emate turistikoen % 10 dira Euskadin, eta zifrak gora egitea aurreikusita dago, Arantza Tapia Garapen Ekonomiko sailburuaren arabera.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak turistak hartzen dituzten etxebizitza partikularrak erregulatuko ditu. Etxebizitza partikular horiek ostatu emate turistikoen % 10 dira Euskadin, eta zifrak gora egitea aurreikusita dago, Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuaren arabera.
Sailburuak Itziar Epalza Turismoko ordezkariordearekin eta aldundietako eta udaletako ordezkariekin batera 2020 Euskal Turismoaren Plan Estrategikoa aurkeztu du Bilbon, asteazken honetan.
Planaren berritasunetako bat euskal turismoaren legea (1994) aldatu egingo dela izango da, errealitate berrietara egokitzeko, besteak beste, turismo aktiboa edota orain erregulatu gabe dauden partikularrek eskainitako ostatu emateak; azken horiek polemika piztu dute profesionalekin, intrusismo mota bat dela uste izanda.
Sailburuak azaldu duenez, etxebizitzetan egiten diren ostatu emateak erregulatzeak ez du esan nahi horien aurkako "jazarpenik" izango denik, dagoena ezagutu nahi da, zein kalitate maila dagoen, eta euskal eskaintza turistikoan sartu ahal izatea, gaineratu du.
Turismoak azken urteotan behera egin du krisiaren ondorioz. 2011n iritsi zen Euskadira iritsi diren turista gehienen muga: 2,7 milioi bidaiari.
2012 eta 2013 urteetan jaitsi egin da turista-kopurua, eta aurtengo urtarrilean jarraitu egin du jaitsierak. Halere, 2014rako aurreikuspenak urte onekoak dira, beste ekitaldi batzuen artean, Bilbon mundobasket egingo delako eta Gasteiz hiriburu gastronomikoa hautatu dutelako.