Ekonomia -

2013ko emaitzak

Galan: 'Energia elektrikoaren sorkuntzak dirua galtzen du Espainian'

Gobernuaren energia politika gogor kritikatu du Iberdrolako presidenteak, Espainian konpainiaren inbertsioa oztopatzen eta zentralak ixtera behartzen duelako.

Galan Iberdrolako presidentea. Argazkia: EFE
Galan Iberdrolako presidentea. Argazkia: EFE
Iberdrolak inbertsio planetik kanpo utzi du espainiar Estatua

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Energia elektrikoa sortzeko negozioa Espainian "dirua galtzen" ari dela ziurtatu du gaur Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak. Gobernuaren energia politika gogor kritikatu du Galanek, Espainian konpainiaren inbertsioa oztopatzen eta zentralak ixtera behartzen duelako.

"Arautzaileek sorkuntzan eta sareetan inbertsiorik behar ez dela diote. Arautzaileak beharrezkoa ez dela badio, guk ez dugu inbertituko", adierazi du Galanek konpainiako emaitzen aurkezpenean.

Galanek azaldu duenez, "araudi egonkorrak eta hazkunde aurreikuspenak" dituzten herrialdeetan "arreta" jarriko dute: Mexiko, inbertsioaren % 23, AEB % 17 eta Erresuma Batua % 23.

"Espainiar baino gehiago, britainiarrak, amerikarrak eta mexikarrak gara", esan du Galanek.

Iberdrolako zentral nuklearrek "dirua galdu zuten iaz", Galanen ahotan. Testuinguru horretan, zentralak ixteko aukera aztertzen ari dira, batez ere gasezko zentralak, hilabeteak daramatzatelako ordubete funtzionatu gabe, "egoera larria" da.

Etekinak behera egin du

Iberdrolak 2.571,8 milioi euroko mozkin garbia izan zuen iaz, 2012an baino % 7 gutxiago, enpresako zuzendaritzak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari asteazken honetan jakinarazi dionez. Irabazietan izandako jaitsiera neurri arautzaileei egotzi die Iberdrolak.

Ignacio Sanchez Galanek zuzentzen duen enpresak azaldu duenez, neurri arautzaileen eragina 801 milioi eurokoa izan da. Energia berriztagarriei eta liberalizatutako negozioei esker, ordea, neurri horien eragina orekatzea lortu du Iberdrolak.

Iberdrolak 32.807,9 milioi euroko salmentak izan zituen iaz, 2012an baino % 4,1 gutxiago. Ustiapeneko emaitza gordina 7.205 milioi eurokoa izan zen (% 6,8 gutxiago) eta mozkin garbia, berriz, 2.434,7 milioi eurokoa.

3.053 milioi euro bideratu zituen inbertsioetara, eta zorra 2.271 milioi euroan murriztea lortu du Iberdrolak, baina oraindik ere 28.000 milioi eurokoa da.

Kudeaketan egindako hobekuntzak eta martxan jarritako eraginkortasun egitasmoak nabarmendu ditu zuzendaritzak.

Bestalde, plan estrategikoak jasotzen zuen desinbertsio egitasmoarekin amaitu du, eta EDP, Itapebi eta Nugen enpresetan zituen parte-hartzeak saldu egin ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola gaur