Ekonomia -
Erosketa txikiak egiteko
20 eurorainoko erosketak pasahitzik gabe egiteko txartela Kutxabanken
Kopuru horretatik aurrera, ohiko txartel bat bezala erabili ahalko da. Bankuko bezeroek ez dute gehiagorik ordaindu beharko txartela eskuratzeko.
Erredakzioa
Kutxabankek txartela berria jarriko du eskuragai, 20 eurorainoko erosketak pasahitza sartu barik egiteko eta, kopuru horretatik aurrera, ohiko txartel bat bezala erabiltzeko.
Mario Fernandez Kutxabanken presidenteak eta Ines Monguilot Marketin zuzendariak egin dute txartel berri honen aurkezpena Gasteizen, han jarriko dute eskuragai lehenengo.
Kutxabanken bezero arabarrek maiatzaren hasieratik aurrera erabili ahalko dute txartela, aurrekoa ordezkatuz, eta hilabete horretako 15etik aurrera erabiltzeko moduan egongo da. Urte amaiera bitartean, txartel berria Bilbon eta Donostian ere erabilgarri izango da.
Erosketa txikientzako atera dute, esaterako, ogia, egunkaria edo tabernetako edariak ordaintzeko, esku-dirua eraman behar gabe, Fernandezen arabera.
Kutxabankeko bezeroek ez dute gehiagorik ordaindu beharko txartela eskuratzeko, baina dendariek komisio "txiki" bat ordaindu beharko dute erosketa bakoitzeko, baina "hasierako promozioan" ez du inolako kosturik izango; Monguilotek ez du zehaztu zenbatekoa izango den epe hori.