Ekonomia -
Krisia
Cegasako langileek informazioa eta inplikazioa eskatu dute
LAB sindikatuak "hileta industrial berri bat" gehiago egon ez dadin, Cegasarekin inplikatu eta laguntza emateko eskatu die instituzioei
Erredakzioa
Cegasako langileek "ohikoa den kezkarekin" hartu dute enpresak atzo aurkeztu zuen hartzekodunen aurrekonkurtsoa, eta taldearen etorkizunari eta lanpostuei buruzko informazioa eskatu dute.
Pilak eta etxetresna txikiak sortzen ditu Cegasak, eta Gasteizen, Oñatin eta Txinan ditu lantegiak. Gasteizeko epaitegi batean aurkeztu zuen enpresak atzo aurrekonkurtsoa, "aktibitatea berriro ordenatzeko" eta jarraikortasuna bermatzeko bazkideak topatzeko.
Taldeak 500 langile ditu EAEn, eta 400 Espainian eta beste herrialdeetan dituen zentro eta bulegoetan. Enpresak esan duenez, momentuz behintzat, inor kaleratzeko asmorik ez du.
Cegasako enpresa batzordearen iturriek langileen "ohikoa den kezka" transmititu dute, baina aurrekonkurtsoa dela azpimarratu dute, eta ez konkurtsoa. Hori dela eta, bankaren eta hartzekodunen arteko negoziazioetan, oraindik "gauzak ongi" joateko marjina dagoela adierazi dute.
Bestalde, LAB sindikatuak langileen "informazio falta" salatu du, "historikoa" den eta "patenteak eta merkatua" dituen konpainia baten egoeraren inguruan. "Prentsara igaro den egun berean izan dute aurrekonkurtsoaren berri", adierazi du sindikatuak.
Instituzioei inplikatzeko eta Cegasari laguntzeko eskatu die LABek ohar batean, "hileta industrial berri bat" gehiago egon ez dadin, eta lanpostuak mantentzeko eskatu dio enpresari.
Sindikatuaren aburuz, lanpostuek gora egiteko egin beharreko lehenengo gauza sarraskia gelditzea da". "Cegasa taldean, Euskal Herrian, 500 lanpostu baino gehiago daude", adierazi du LABek, eta egoeraren alternatibetako bat aktibitatea eta enplegua mantentzea dela esan du.
SEA-Arabako Enpresariak elkarteko idazkari orokorrak, Juan Ugartek, kezka azaldu du Cegasaren egoera dela eta. Egoera ekonomikoak "epe laburrean hobera" egin dezakeen arren, "karreraren amaiera ikusi eta lasterketa amaitzeko neke gehiegi duen korrikalariarena" gertatzea ekidin behar dela adierazi du Ugartek.