Ekonomia -
Elkarrizketa ETB-N
Cegasak bideragarriak diren negozioak banatzea espero du Tapiak
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak "ahalik eta enplegu gehien" mantentzea eskatu dio enpresari.
Erredakzioa
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak "bideragarriak diren negozioak" banatzea eta "ahalik eta enplegu gehien" mantentzea eskatu dio gaur Cegasari.
Cegasa taldea (900 langile ditu, horietako 500 EAEn) hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen atzo. Dena dela, bazkide berriak lortzeko negoziazioak "aurreratuta" daudela esan du.
ETBn egindako elkarrizketa batean, Cegasak ekoizpenaren zati bat atzerrira eraman zuela gogora ekarri du Tapiak, "merkeagoa" delako.
Halaber, inbertitzaileak azkar bilatzeko deia egin du, "jarduera ekonomikoa eta enplegua mantentzeko eta hemendik eta urte batzuetara enpresa punta-puntakoa izan ahal izateko".
Patronala, "kezkatuta"
Bestalde, Juan Ugarte Arabako patronaleko burua "kezkatuta" agertu da Cegasaren egoerarekin, eta krisia hasi zenetik lurraldean 1.175 negozio itxi dituztela deitoratu du.