Ekonomia -
'Opor fiskalak'
Bilbaok ez du opor fiskalen isuna 'denen artean' ordaindu nahi
Bizkaiko ahaldun nagusiak EH Bilduri esan dio Gipuzkoa izan zela laguntzak berreskuratzen "azkena", nahiz eta orain opor fiskalak "eragin zituztenei eskatu isuna ordaintzeko".
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak errefusatu egin du opor fiskalengatik isuna jartzen badiete hiru aldundien artean ordaintzea; izan ere, EH Bilduri esan dio Gipuzkoa izan dela "azkena" laguntzak berreskuratzen.
Radio Popularren egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak azkenean isuna jartzea erabakitzen badu, "esan dezala nork ordaindu behar duen Espainiako Erresumaren barruan, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian izan diren portaerak desberdinak izan baitira".
Bilbaok zalantzan jarri du isuna "denen artean" ordaindu behar izatea, eta bakoitzak "dagokion" ardura hartzea aldarrikatu du. Horren harira, Bizkaiak laguntza horiek, "Batzordearen irizpideei jarraituz", 2011n berreskuratu zituela gogorarazi du.
Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu du Gipuzkoako Aldundiak 2013 amaieran itxi zuela azken espedientea, nahiz eta orain opor fiskalak "eragin zituztenei eskatu isuna ordaintzeko".
"Isuna laguntzak beranduegi berreskuratzeagatik izango da. Eta isuna jartzen badute, bakoitzak bere ardura har dezala bere gain", berretsi du.