Ekonomia -
Enplegu publikoa
Euskal sektore publikoan 3.849 lanpostu deuseztatu direla dio LABek
Eusko Legebiltzarrak igorritako datuak hartu ditu oinarritzat sindikatuak.
Erredakzioa
Azken bi urteetan euskal enplegu publikoan 3.849 lanpostu deuseztatu direla salatu du LAB sindikatuak. Horietatik 2.906 lanpostu osasun arloan izan dira, 750 hezkuntza arloan, 148 administrazioan eta 45 justizian.
Sindikatuak Donostian eskaini duen prentsaurrekoan eman dituzte datu horiek ezagutzera. LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunek parte hartu dute, Arantza Sarasolak eta Galder Sierrak, eta “datu errealak” eman dituzte ezagutzera.
Adierazi dutenez, Eusko Legebiltzarrak berak, EH Bilduk eskatuta, emandako datuak dira eta 2012 eta 2013 urteetako nominak, hilabetez hilabete, jasotzen ditu.
Datu horien arabera, Osasun Sailean-Osakidetzan 2.906 enplegu murriztu dira 23 hilabetetan. Hezkuntza arloan, 2011-2012, 2012-2013 eta 2013 ikasturteari dagozkion datuak aztertu dituzte.
Sarasolak argitu duenez,” irakasleen kontratazio kopurua hazi bada ere, ikasturte honetarako matrikulazio kopurua ere handitu egin da, eta horrek behar gehiago sortu ditu”. “Hala ere, lan jardunaldi erdiekin lanpostu kopurua handitu dute”, adierazi du. Sindikatuak dioenez, beharrezkoak direnak baino 750 irakasle gutxiago kontratatu dira.
Administrazioari eta erakunde autonomoei dagokionez, 2012ko urtarrilean 7.266 kontratu zeuden, 2013ko azaroan baino 148 gehiago. Justizian 45 lanpostu murriztu dira.
“Zenbaki hauen guztien atzean neurri politikoak daude”, esan du Sarasolak. “Krisia arrazoitzat jarrita hartu diren neurriak, baina sektore publikoaren deuseztapena eta pribatizaziora garamatzatenak, eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuen kalitatea kaltetzen dutenak”, amaitu du.